Pediatria zerbitzuagaz arazoak dituzteTraña-Matienan, pediatra erretiratu zenetik. Orduz geroztik, herritarrek hainbat eskari eta mobilizazio egin dituzte, eta udalak hainbat batzar egin ditu Osakidetzarekin. Udaletik jakitera eman dutenez, Osakidetzaren azken proposamenaren berri aste honetan izan dute, "baina proposamena ez da nahikoa". 0-6 urte bitarteko umeak Zelaietako zentroan artatuko dira eta 7-14 urte bitartekoak Zaldibar/Berrizen edo Elorrion.
"Abendu erdialdean ESIko arduradunekin bilera izan genuen, eta hainbat errekerimendu egin arren, aste honetara arte ez digute behin betiko erantzunik eman. Konponbide hori ez da planteatzen duguna, familiak inguruko udalerrietara mugitzera behartzen dituelako. Gure eskakizuna Traña-Matienan ere pediatria zerbitzua izatea da, familiek beti izan duten bezala. Osasun arloan aurrerapausoak eman behar ditugu, kalitate handiagoko zerbitzurantz, eta ez alderantziz", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Edurne Maguregi alkateordeak azpimarratu duenez, "bi hilabete hauetan, Osakidetzako arduradunekin harremanetan egon arren, komunikazioa denboran zehar tartekatu da, ez gure gobernu-taldeak erabaki duelako. Gainera, oraindik ez dituzte 7 eta 14 urte bitarteko umeak banatzeko irizpideak zehaztu, arreta Zaldibar/Berrizko edo Elorrioko zentroetan baino ez dutela emango aditzera mugatu dira".
Bestalde, Abadiñoko Udaletik nabarmendu gura izan dute, Traña-Matienan pediatria zerbitzua funtsezkoa eta ezinbestekoa dela, eta hori horrela, eta kalitatezko zerbitzu bat lortzeko, herritarrek edo udalbatzak berak abiarazitako edozein ekimen edo mobilizazio babestuko dutela.