Astolako futbol zelaiko harmailen azpian aldagelak egingo dituzte

Anboto 2024ko ots. 7a, 13:37

Martitzenean hasiko dira lanekin eta udaberri hasierarako amaituta izatea aurreikusten dute. 154.418 euroko aurrekontua dute lanek. 

Abadiñoko Udalak jakitera eman duenez, martitzenean hasiko dira Astolako futbol zelaiko harmailen azpian aldagelak eraikitzen, igerilekuetako instalazioein partekatutako eremuan. Honen helburua, kirol-instalazio osoari zerbitzua ematea da, une bakoitzeko eskariaren arabera. 

Proiektuak bederatzi dutxako bi aldagela eraikitzea aurreikusten du. Gainera, mugikortasun urria duten pertsonentzako igerilekuetako aldagela birmoldatu eta handitu egingo da. 

"Hilabeteak daramatzagu Astolako instalazioetan entrenatzen duen oinarrizko futbol guztiari eta etorkizunean kiroldegiaren instalazioetan sor daitezkeen beharrei zerbitzu egokia emango dion ekipamendu gehigarria prestatzeko aukerak aztertzen. Handitze honekin egungo eta etorkizuneko beharrei erantzutea espero dugu", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. 

Egun, Astolako instalazioak Abadiñoko K.E.-ren kategoria guztien oinarria dira, eta denboraldi honetatik aurrera baita Astolan entrenatzen eta ligako partidak jokatzen dituen Biak Bat taldearenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!