San Blasetarako sorpresa bat prest daukazula esan digute.
Ez da sorpresa handia, egia esan. Lehenengoz, San Blas egun batez irten nuen plazara, eta urteurren hori denez, zeozer berezia egin gura dugu. Plazan inoiz altxatu dudan harririk handiena altxatu gura dut San Blas egunean. Oraindino ez dakit zenbat kilokoa. 260, 265 kiloko harria jasotzea da nire asmoa.
Sanblasetan urten zenuen lehenengoz plazara. Zein urtetan?
Ba, orain 20 bat urte, 7-8 urte nituela. Niretzat egun berezia izan zen. Ume bat nintzen, bertako umea, eta jende mordoa bertaratu zen ni ikustera. San Blas azoka ezagun-ezaguna da Euskal Herrian, eta errespetua ematen du, nahiz eta ume bat izan. Egia esan, eta gauzak horrela dira, umetan nahiko harroputza nintzen plazan. Jendeak uste ez duen arren, umetan ez nintzen hain lotsatia, eta plazak ez zidan ematen gaur egun ematen didan errespetua. Umetan ume jolas bat zen niretzat, eta gaur egun kirola da. Baina bai, oso momentu berezia izan zen niretzat.
Zuretzat berezia da sanblasetan harria jasotzea?
Gaur egun udaleko langile den Markelengaitik izan ez balitz, ez nuen gehiago harririk jasoko Abadiñon; Markelek asko lagundu dit. Azken hamar bat urteetan inoiz ere ez dira nitaz gogoratu, ez harri jasotzen egon naizen sasoian, ez utzita izan dudanean. Markeli eskerrak eta gaur egun udalean dauden batzuei eskerrak egongo naiz sanblasetan. Eta Abadiño nire herria delako eta abadiñarra naizelako, jakina.
Zergaitik bertaratu behar da jendea probalekura?
Lehenengo eta behin, gazteria goazelako plazara. Eta gero, Euskal Herrian dauden kirolaririk punterengoak goazelako: Iker Vicente, Karmele Gisasola, Ugaitz Mugertza, Nerea Arruti eta neu barne. Esango nuke Abadiñon aspaldi ez dela horrelako erakustaldirik egon.
Euskadiko harri handien txapeldun geratu zara. Aurrera begira, zer?
Erronka asko dut. Harri handietan ez dut lehia handirik ikusten, egia esan, eta ez dut inor ere gutxietsi gura. Baina orain urte batzuk oso gatx zan lehenengo hiruren artean sartzea, eta gaur egun ez dut horrelakorik ikusten. Harri txikietan, ostera, lehia handia dago. Baina ni neu harri handietarako prestatuta nago gaur egun. Ia 140 kiloko mutila naiz eta ez nago txikietarako prestatuta. Baina, batek daki. Hori bai, Goenatxoren marka pare bat apurtu gura nituzke.
Beste ezer gehitzerik gura duzu?
Eskertzen dela zuen astekaria, ANBOTO, gutaz gogoratzea. Beti gogoratzen zarete gutaz eta ea beste hedabide batzuk zuengandik ikasten duten. Kirol txikitxo bat gara eta elkar laguntzen ez badugu jai dugu. Ondo dakit gauzak txarto egin ditudala inoiz, eta hori nire errua da. Dena agertu behar da, baina txarra agertzen den moduan ona ere agertu beharko litzateke.