“400 metroko lasterketari beldurra kendu behar diodala esaten dit entrenatzaileak"

Joseba Derteano 2024ko urt. 26a, 13:00

Imanol Aiartzaguenak (Abadiño, 2003) domina bi irabazi ditu Euskadiko Atletismo Txapelketan: zilarra 400 metroko proban, 50.22ko denboragaz, eta brontzea 200 metrokoan, 22.36ko denboragaz. 20 urtegaz, senior mailan irabazten dituen lehenengo dominak dira. 

Aztertu ditzagun dominak banaka. Zelan joan zen 400 metroko finala? 
400 metroko proban itzuli bi dira. Pista estalian, korrikalari guztiak barruko kalean batzen gara bigarren itzulia hasterako. Lehenengo kalera bigarren tokian sartzea zen estrategia, liderraren atzean. Ondo irten zitzaidan. Beharbada denbora hobetxoa egitea espero nuen, baina oso pozik nago.

Zelan joan zen 200 metroko finala? 
Domina irabaztea sorpresa izan zen. Izan ere, finalak txanda bitan banatu zituzten eta beste finalean urrea eta zilarra irabaziko zutenak zeuden. Nire beldurra zen aurrekoek atzekoei tira egingo zietela; hau da, batzuek besteen erritmoa aprobetxatuko zutela, euren denborak hobetzeko. Baina ez zen hori gertatu. Pozik nago dominagaz, eta baita eginiko denboragaz ere.

Proba bietan denbora hobea eginikoa zara. 
Bai, baina aire librean. Pista estalian bihurguneak itxiagoak dira eta inklinazio apur bat dago. Gainera, korrikalariak kale berean batzen gara, eta aire librean ez. Horrek guzti horrek eragina izaten du denboran.

Distantzia bietatik zeinetan sentitzen zara gusturen?
400 metrokoan. Horixe da nire distantzia eta horri begira entrenatzen naiz. 200 metrokoa gehigarri bat da. 

400ekoa topera egiten den proba da?
Topera ibili baino, abiaduraren eta iraupenaren arteko oreka bilatu behar da. Ahalik eta arinen joan behar duzu helmugaraino, erritmoari eutsi behar diozula jakinda. Arinegi irtenda, hustuta heltzeko arriskua duzu eta kontrakoa ere gertatu daiteke. Ez da erraza oreka topatzea. Hor badut oraindino zer ikasi, eta hori lantzen dut Orkatz Beitia entrenatzaileagaz. 400 metroko probari beldurra kendu behar diodala esaten dit entrenatzaileak. Egia esan, indarrez lasterregi hustuko naizen ardura izaten dut batzuetan. 

Otsaileko lehenengo asteburuan Espainiako txapelketa lehiatuko da Antequeran, Andaluzian. Han izango zara?
Iazko txapelketan aritzeko eskatzen zituzten denborak erreferentzia legez hartuta, aurten lortu ditudan denborek nahikoa izan beharko lukete sailkatzeko, baina ikusiko dugu. Hara joanez gero, iazko lana hobetzea izango dut helburu. 

Zelan joan zen iazko txapelketa?
Erdipurdi. Eraikin estaliko pistak diferenteak dira tokitik tokira. Ni Donostiakoan ibiltzera ohituta nago eta iaz kostatu egin zitzaidan Antequerakora egokitzea: inklinazio txikiagoa du eta zabalagoa da. Ez dakit, arraroa egiten zitzaidan eta ez nuen neure onena eman. Arantza hori atera gura nuke aurten.

Final batera sailkatzea larregi amestea da?
Arrakasta itzela eta sorpresa litzateke. Baina sekula ez da jakiten. Esaterako, iaz, aire librean eta 23 urtez azpiko mailan, nire marka pertsonala hobetzea eta lan txukuna egitea nituen helburu Espainiako txapelketan eta, ezustean, finalaren atarian geratu nintzen, bederatzigarren. Zortzi sailkatzen ziren finalera. "Beharbada helburu lez finalera heltzea kontsideratu beharko nuke", pentsatu nuen.  Baina hori aire librean zen. Pista estalian, Antequerako pista diferenteak segurtasun falta eragiten didanez, lorpen handia litzateke finalean egotea.

Klub modura, DKTk Espainiako Lehenengo mailari eustea izango du helburu. Taldeko finkoetariko bat bihurtu zara. Zelan daramazu taldean geroago eta pisu eta erantzukizun handiagoa izatea?
Horrelako kontuetan asko ez pentsatzen ahalegintzen naiz, neure burua larregi ez presionatzeko. Baina konturatu naiz, bai. Ligako jardunaldietara joaten garenean neu naiz beti lasterketa batean nabilena; erreleboetan ere nire izena egoten da zerrendan. 

Asteko lau egunetan entrenatzen zara, eta fisika ikasketak egiten zabiltza Leioako unibertsitatean. Gatxa da arlo biak bateratzea?
Gatxa da, bai, eta ondo antolatzea da gakoa. Ondo antolatuz gero, bateragarriak dira eta horretan ahalegintzen naiz. Gainera, karrera gatxa ikastera, estresa kentzen lagunduko didan zerbait behar dut. Atletismoak ikasketetako estresa arintzen laguntzen dit. 


Imanol Aiartzaguena —ezkerretik bigarrena— Euskadiko txapelketako proba batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!