"Urteko egunik garrantzitsuenetako bat heltzear dago, herri egiten gaituen horietakoa. San Blas azoka, azoka erreferentea da, Abadiño mapan jartzen du eta jendeari bertaratzeko deia egiten diogu", azaldu du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak.
San Blas egunean 100 bat ekoizle eta 190 bat abelburu egongo direla esan zuten. Bertaratzen direnek honako produktu hauek aurkituko dituzte, besteak beste: ortuariak, fruta, gazta, eztia, gozogintzako produktuak, ogia, kontserbak, sagardoa eta txakolina. Glutenik bako produktuen postu bi ere egongo dira. Ganaduari dagokionez, behiak eta ardiak egongo dira ikusgai gehienbat. Baita zaldiak, astoak eta hegaztiak ere.
Bestalde, urtero legez, Txanbolin taldeko txistularien kalejirak emango dio hasiera San Blas eguneko azokari, 09:00etan. 12:00etan, bertsolarien saioa egongo da Ferialekuan. Bertan, Txaber Altube, Garikoitz Sarriugarte eta Bittor Altube arituko dira kantuan. Ordu berean, herri kirol erakusketa hasiko da probalekuan. Bertan, Iker Vicente, Nerea Arruti, Ugaitz Mugertza, Karmele Gisasola, Urdax Magunazelaia eta Haritz Aranguren arituko dira. Arratsaldean idi probak egongo dira.
San Blas egunari hasitako moduan emango diote amaiera abadiñarrek; hau da, musikagaz. 17:00etan Muxutruk erromeria taldea egongo da Ferialekuan, eta 00:00etan Xabi Solano arituko da txosnagunean. Horrez gainera, herriko DJek musika ipiniko dute elkartasun lonjan.
Autobus zerbitzua
Abadiñoko Udaleko kideek abadiñar guztiak eta inguruko herrietako biztanleak gonbidatu dituzte San Blas azokara. Gainera, jakinarazi dute doako autobus zerbitzua egongo dela Zelaietara joateko. Autobusa Traña-Matiena eta Zelaieta artean ibiliko da joan-etorrian, 9:00etatik 15:00etara bitartean. "Abadiñarrei eta azokara bertaratzen diren guztiei garraio publikoa erabiltzeko deia egiten diegu. Eta etor daitezela, egun oso polita izaten da eta", gaineratu du Edurne Maguregi alkateordeak.