Abadiñoko Banarte Antzerki Taldeak Cuenta atrás izeneko antzezlan berria estreinatuko du. Kontakizuna Sonia Villamorrek zuzendutako thriller bat da. Lana ohiko fikziotik aldentzeko helburuagaz sortu zen, eta ikus-entzunezkoen, zinemaren eta telebistaren arteko uztarketa da. Istorioak momentu bizi eta deserosoetara eramango du ikuslea.
Kokapen nagusia Ertzaintzaren komisaldegia da. Laurak seme bat du, Bruno, eta Bilboko Botika Zaharra parkean daude. Ama aldizkari bat irakurtzen ari da eta semea, bien bitartean, jolasten. Irakurtzen ari den momentu batean amak burua altxatzen du aldizkaritik eta semea desagertu egin dela konturatuko da. Suspense lan berri honek Brunoren bilaketa du ardatz. Antzezleen artean, Dolma Romera, Eduardo Pombar, Rafa Herce, Maria Otxandiano eta Aitor Berrio daude.
Obra Errota Kultur Etxean estreinatuko da urtarrilaren 27an, 19:00etan. Sarrerak (3€) kultur etxean bertan edo Udal Mediatekan eros daitezke.