“Gaur egun ikusten diren praktika batzuek ez dute zerikusirik mendiagazko maitasunagaz”

Joseba Derteano 2024ko urt. 21a, 10:20

"Era etiko batean mendia zaintzeko eta maitatzeko praktika onen dekalogoa". Horrela definitzen du Aritz Azkorbebeitiak Etiketa Berdea ekimenaren muina. Azkorbebeitia Ubideko mendi lasterketako antolatzaileetariko bat da eta gaur egun Etiketa Berdea ekimena sustatzen ere badabil abadiñarra. Azken batean, Etiketa Berdera batzen direnek balio jakin batzuk sustatzeko konpromisoa hartzen dute: ingurumena babestea, gizatasuna eta berdintasuna bultzatzea... Beste modu batera esanda, mendi lasterketak balio komun batzuen barruan batzen dituen aterkia da. 

Zelan sortu da Etiketa Berdea
Bere sasoian, Zeanuriko Gotzon Idirin hasi zen kontua mugitzen. Bere ekimena izan da gehienbat. Orain urte bi, Ubideko mendi lasterketa sortzen hasi ginenean, Idirini laguntasuna eskatu genion, ez genuelako esperientzia handirik horrelako kontuetan. Ordurako bazuen buruan praktika onei buruzko dekalogo edo antzerako zeozer ateratzea. Behin dekalogoa eginda, sare sozialetan-eta zabaltzen hasi ginen. Gaur egun, 40 lasterketak bat egin dute Etiketa Berdeagaz, tartean Sorginen Lasterketak. Kataluniako lasterketa batzuk ere sartu dira. Dekalogoa ez da mugiezina. Denboragaz ikasten gabiltza, eztabaida aberasgarriak ditugu hainbat punturen inguruan. 

Zelan definituko zenuke Etiketa Berdea berba gutxitan?
Era etiko batean mendia zaintzeko eta maitatzeko praktika onen dekalogoa da. Azken batean, praktika zentzudunak dira. 

Dekalogoa hiru bloketan banatzen da batez ere. Lehenengoa jasangarritasunari dagokio, natura zaintzeari eta ahalik eta urrats ekologiko txikiena uzteari. 
Sasoi batean, mendiagaz hartu-emana zutenek parte hartzen zuten lasterketetan. Denboragaz hori aldatu egin da. Beste eremu batzuetatik ere badoa jendea. Ahalik eta denborarik onena egitea izaten dute helburu nagusi. Lehiakortasun maila igo egin da eta horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Esaterako, ingurumenaren ikuspegitik: lasterketa batean nago, gela jaten dut, plastikoa lurrera botatzen dut eta jasoko du baten batek. Beste batek jaso zein ez, dena ez da libre. Jarrera horiek hobetzeko irizpideak jasotzen dira dekalogoan.

Dekalogoko beste bloke bat elkartasunari eta gizatasunari buruzkoa da. Balioak deshumanizatu egin direla diozue.
Alde horretatik, elkartasuna eta gizatasuna zaintzeko Etiketa Berdean proposatzen diren puntuak garrantzitsuak direla uste dut. Egon dira kasuak, esaterako, korrikalari bat jausi, min handia hartu, eta atzetik datorrenak jaramonik ere ez egitea eta besterik barik aurrera egitea. Gaur egun ikusten diren praktika batzuek ez dute zerikusirik ezagutu izan dugunagaz eta mendiagazko maitasunagaz. 

Lasterketen gehienezko parte hartzaile kopuruaren edo ordainpeko korrikalariak ekartzearen gaineko irizpideak ere jasotzen dituzue.
Mendi lasterketa garrantzitsuago bihurtzeko, joera dago korrikalari ezagunak edo ondo dabiltzanak ordainduta ekartzeko. Zentzuna aplikatuz jokatu daiteke. Ondo dabilen Jakako korrikalari bat ekarri gura baduzu, normala da hari gasolina eta horrelako gastuak ordaintzea, baina ez dugu uste lasterketan bertan parte hartzearren ordaindu behar zaionik. Hori eginda, korrikalari horri tratu berezia ematen diozu, besteen gainetik ipintzen duzu. Baina, tira, lasterketa mota asko dago, ulertzen dugu hori, eta bakoitzak bere modura ikusiko du. 

Parte hartzaileen kopurua ere garrantzi handiko kontua da. Lasterketa batzuk parke naturaletan izaten dira. Edozelan ere, parke naturaletik igaro zein ez, lasterketa batek muga bat izan behar du kopuruari dagokionez, jasangarria izan dadin. Bestalde, ikusleen kokapena ere inportantea da. Jasangarritasunaren ikuspegitik, toki batzuk beste batzuk baino aproposagoak dira korrikalariak animatzera joateko. Puntu batean 200 korrikalari eta 800 ikusle batzen badira, biak zenbatu behar dira: guztira, 1.000 lagun daude. Ikusleek ere berdin zikindu dezakete ingurua, gura barik bada ere. 

Hirugarren blokea berdintasunari dagokio.
Puntu interesgarria hau ere. Esaterako, sexu-identitatearen arloan berdintasunerako bidean aurrerapausoak ematea aholkatzen da. Esaterako, Ubideko mendi lasterketarako, izena emateko webgunean 'ez-binario' aukera ere gehitzeko eskatu genien, eta halantxik egin zuten. Euskal Herrian hori eskatzen lehenengoak edo lehenengotarikoak ginela esan ziguten. Gero ez zen inor apuntatu, baina aukera hor zegoen. Hemen ere eztabaidatu daitekeen puntu asko dago, jakina. Baina gaia mahai gainean ipintzea inportantea da. Denboragaz joango gara galderei erantzuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!