Herriko hainbat eremutako argiztapena hobetzea, aurrekontu parte-hartzaileetako proiekturik bozkatuena Abadiñon

Anboto 2024ko urt. 15a, 10:13

2024an udalerriko argiak hobetuko dituzte. Baita, oinezkoentzako pasaguneak identifikatzeko argi-sentsoreak instalatu ere eta umeentzako guneen segurtasuna eta perimetroa hobetu. 

Abadiñoko bizilagunek aukeratu dituzte 2024ko aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuak. Udaletik jakitera eman dutenez, hauek dira boto gehien jaso dituzten hiru proposamenak: udalerriko hainbat eremutako argiak hobetzea (50.000 euro), oinezkoentzako pasaguneak identifikatzeko argi-sentsoreak instalatzea (50.000 euro) eta umeentzako guneen segurtasuna eta perimetroa hobetzea (30.000 euro). 

"Boto gehien jaso dituzten hiru proiektuak ditugu mahi gainean, eta horien artean banatuko da aurrekontu parte-hartzaileetarako aurreikusitako partida. Gainerako proposamenak kontuan hartuko ditugu, herritarrek eskatzen dituzten hobekuntzei buruzko argibideak ematen dizkigutelako", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.

Aurrekontu parte-hartzaile hauetan guztira 412 pertsonek parte hartu dute, eta horietatik %60a emakumeak izan dira. Gainera, iazko emaitzegaz alderatuta, parte-hartzeak "nabarmen" egin duela gora azaldu dute udaletik. Iaz 296 pertsonak parte hartu zuten. 

"Parte-hartzea beste urteetan baino handiagoa izan bada ere, %10etik behera dago. Gure helburua herritarren parte-hartzearen kultura sendotzea eta horretan aurrera egitea da, eta, herri gisa ahalegin kolektiboa eginez, parte-hartze balio altuagoetara iristea espero dut", gaineratu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!