“Buruak eta gorputzak korrika egitea eskatzen didate. Arnasa hartzeko eta nor naizen gogoratzeko balio dit"

Joseba Derteano 2024ko urt. 14a, 10:00

Itsaso Gangoitia Mazorriagak (Abadiño, 1988) Sei Izar Santutxuko Herri Krosa irabazi zuen joan zen asteburuan. Bere ibilbideko lehenengo garaipena da. Ama izan denetik, denbora hobeak egiten dabil, beharbada presiorik barik eta beste era batera korritzen ikasi duelako. Kuriositate modura, bere lehenengo lasterketa ofiziala ez zen herri lasterketa bat edo mendi lasterketa bat izan, triatloi bat baino.

Zure gurasoak korrika egin zaleak dira. Haiengandik datorkizu afizioa?
Ama eta aita ume-umetatik ikusi ditut korrika egiten. Gogoan dut ahizpa eta biok umeak ginela korrika egitera irteten zirela eta gu biok aitita-amamekin geratzen ginela. Gaztetan futbolean ibili nintzen, Abadiñon eta Iurretan. Gerora korrika ibili naiz, neure kabuz, eta orain bost urte, lagun talde batek animatuta, triatloiak egiten hasi nintzen, federatuta. 

Lehia triatloiekin hastea ez zen jauzi handiegia izan?
Imajinatu, igerian justu-justu, bideko bizikleta zer zen ere ez… Bai, erabaki ausarta izan zen [barrez]. Neska gutxi zebiltzala-eta probatzera animatu ninduten, eta azkenean pausoa ematea erabaki nuen. Gorka Bizkarragaz hartu-emanetan ipini eta beragaz entrenatzen hasi nintzen. 

Zelakoa izan zen zure lehenengo triatloia?
Lehenengo triatloiak bertigo apur bat ematen du eta taldekako bat egitea pentsatu nuen, Senperen. Uretan sartu eta halako estutasun batek hartu ninduen… Baina taldekideen laguntzagaz egin nuen eta handik aurrera ondo joan zen. 

Harrezkero, asko aritu zara?
Euskal zirkuituan aritzen naiz. Lehenengo urtean, nire harridurarako, eta espero barik, duatloien zirkuituan hirugarren geratu nintzen. Gogoan dut azken proba Durangon zela eta amaituz gero sailkapeneko podiumean egongo nintzela esan zidala taldeko batek. Eta lasterketa horretan gertatu zitzaidana…

Kontaiguzu.
Lasterketa hasi, oinera begiratu eta… txipik ez! Ez dakit ondo zelan, baina aitaren motxilan ahaztu zitzaidan. Aitaren bila hasi, aurkitu, txipa hartu, irteerara bueltatu… Minutu bat atzerago irten nuen, baina, tira, harrapatu beharrekoak Goiuria igotzen harrapatu nituen, eta hirugarren geratu nintzen. 

Ama izan zinen orain urtebete inguru. Zelakoa izan da itzulera?
Kostatu zait errekuperatzea, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Umea izan nuenetik, neure kabuz entrenatzen nabil. Bestela, presio handia ipintzen diot neure buruari. Zerbait diferentea eginez bueltatu gura nuen eta Sorginen Lasterketan parte hartu nuen. Nire ibilbideko lehenengo mendi lasterketa. Helburu nagusia sentsazioak berreskuratzea zen. Asko gozatu nuen eta, gainera, oso ondo ikusi nuen neure burua. "Lehen baino hobeto ikusten zaitugu", esaten zidaten ingurukoek. 

Zure lehenengo garaipena ere oraintxe heldu da, Santutxun.
Bai, eta ez nuen espero. Aurretik, podiumak lortu ditut Durangoko San Silvestren eta Elorrioko Santxibirin. Ez dira lorpen ikaragarriak, baina niri ilusio handia egiten didate. 

Aipatzekoa da ere Behobia-Donostia maratoi erdian aurten egin duzun denbora: 1.25.45. Zortzi minutu jan zenizkion 2021ean egin zenuen denborari.
Bai, alde handia dago eta harritu egin ninduen hainbeste hobetzeak. Gozatzea nuen helburu, baina lasterketak aurrera egin ahala geroago eta hobeto sentitzen nintzen. Nire markarik onenak oraintxe lortzen nabil, ama izan eta gero.

Eta zelan esplikatu dezakegu orain hobeto aritzea?
Ez dakit, baina kasu askotan ikusten da. Emakume askori gertatzen zaie. 

Oihane Unzalu korrikalaria ere ama da eta ANBOTOn elkarrizketatu genuenean honako hau adierazi zuen: "Orain zorrotzagoa izan behar dut dudan denboragaz. Lehen kirola egiten nuen eta orain entrenatu egiten naiz". Identifikatuta sentitzen zara? 
Bada, ez dakit nire kasua den. Ni lehen Gorka Bizkarragaz entrenatzen nintzen. Orain ere egunero entrenatzen naiz, baina ez naiz hain exijentea neure buruagaz. Lehen presio handiegia ipintzen nion neure buruari, eta orain, lasaiago ibiltzera, gorputzak hobeto erantzuten dit eta gehiago gozatzen dut. Beharbada horregaitik etorriko zen hobekuntza. 

Presioak lotu egiten du gorputza.
Bai. Esaterako, Behobia-Donostia lasterketan sarritan nuen buruan "denbora hau egin behar dut", " ezin diot Gorkari hutsik egin" edo antzerakoak. Gogoan dut urte batean ez nintzela joan ere egin lasterketa horretara, buruko mina nuelako. Neure burua gehiegi estutu nuelako sorturiko buruko mina zen. Gaur egun, buruko minez ere joan egingo nintzen, eta gozatu egingo nuen. 

2024ra begira, zer helburu duzu?
Euskal Herriko zirkuitua egingo dut. Nobedade modura, distantzia olinpikoko triatloi bat egin gura dut, lehenengoz: Onditzen oroimenezko Donostiako triatloia.

Beste ezer gehitu gura duzu?
Bikotekideari eta etxekoei eskerrak eman gura dizkiet. Euren laguntzarik barik ezingo nuke egin egiten nabilena. Buruak eta gorputzak korrika egitea eskatzen didate. Arnasa hartzeko eta nor naizen gogoratzeko balio dit. Gainera, korrika egiteko lagunekin geratzen naizenez, sare hori sortzeko ere balio du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!