Traña-Matienako trafikoari eta bide-egoerari buruzko azterlana eskatu du Abadiñoko Udalak

Anboto 2024ko urt. 9a, 12:03

Azterlana dagoeneko martxan da eta hiru hilabeteko epean gauzatu beharko da. 

Abadiñoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Traña-Matienako trafikoari eta bide-egoerari buruzko azterlan bat eskatu du. "Auzoa gaur egun jasaten ari den arazoari aurre egiteko eta horri erantzuteko soluzio eta alternatiba posibleak ezagutzea da asmoa", azaldu dute. 

Azterketak hiru xede ditu. Alde batetik egungo trafikoa hobetzeko proposamenak aztertzea eta aurkeztea. Bigarren alderdi kritikoa aparkalekuen inbentarioa da, eta azkena, bidegorriaren garapena. 

"Udala bide-segurtasunarekin eta mugikortasun jasangarriarekin konprometituta dago. Jakin badakigu Traña-Matienan gabeziak eta arazoak daudela, horien artean aparkaleku falta, eta hori konpontzeko lanean ari gara", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!