Matiena Estankoak eta Goxoa tabernak irabazi dute Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Anboto 2023ko abe. 29a, 12:56

Lehenengo eta bigarren sariak eskuratu dituzte, hurrenez hurren. 13 establezimenduk hartu dute parte, eta bezeroek aukeratu dituzte bi proposamen onenak euren botoekin. 

Matiena Estankoak eta Goxoa Tabernak lortu dituzte udalak eta Abadiñoko Merkatari Elkarteak (AME) bertako "merkataritza animatzeko eta jai giroa sortzeko helburuarekin" antolatutako Gabonetako erakusleihoen lehiaketako lehen eta bigarren sariak, hurrenez hurren. 13 establezimenduk hartu dute parte, eta bezeroek aukeratu dituzte bi proposamen onenak euren botoekin. 

 

Lorea Iriondo Abadiñoko Merkatari Elkarteko presidenteak, Mireia Jimenez Dendak Baiko teknikariak eta Edurne Maguregui alkateordeak egin zuten zozketa. Bertan, 1.400 euro banatu dituzte saritan: 700 euroko sari bat erakusleiho bozkatuenarentzako deskontu-kupoietan, 350 euroko deskontu-kupoiak bigarrenarentzat, eta bozketan parte hartu duten guztien artean 350 euroko saria zozkatu dute –5 eta 10 euroko kupoietan–, eta Jose Antonio Vidalentzat izan da. Bonuak Abadiñoko Merkatari Elkarteko kide diren establezimenduetan erabili ahal izango dira.  

 

“Eskerrak eman gura dizkiegu saltokiei eta ostalaritzari, bai eta botoa eman duten bizilagunei ere. Bide batez, merezitako irabazleak zoriondu gura ditugu, eta eskerrak eman gura dizkiegu Abadiñon Gabonetako espiritua argitzeko eta koloreztatzeko egin dituzten proposamenengatik. Gure aldetik lanean jarraituko dugu, etorkizunarekin konprometituta, tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzen”, azaldu du Edurne Maguregui alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!