Abadiñoko ziklo-krosak Euskadiko txirrindulari onenak batuko ditu zapatuan

Anboto 2023ko abe. 27a, 11:30
Joseba Gorostiza, Mikel Urrutia eta Rafa Bilbao.

Bariku arratsaldean umeen lasterketak izango dira. Zapatuan, berriz, Euskadiko txapelak egongo dira jokoan, mailaz maila.

Abadiñoko Udala Ziklo-kros Sariak bederatzigarren edizioa egingo du barikuan eta zapatuan. Mailaz maila, 700 txirrindulari inguru batzea itxaroten dute Muntsaratzeko zirkuituan.

Ekimena egun bitan banatuko dute Abadiño Muntsaratz Txirrindulari Kirol Klubeko antolatzaileek. Barikua umeei bideratuta egongo da. 15:00etan benjamin mailako lasterketa hasiko dira; ostean, kimu mailakoa eta haur-kategoriakoa etorriko dira.

Zapatuan kadeteetatik master mailara artekoen txanda izango da. Euskadiko ziklista onenak etorriko dira Euskadiko txapelketa izango delako.  09:30ean, Master mailakoen probarekin ekingo diote egunari. Emakumeen elite mailako proba 11:30ean hasiko eta gizonena, 12:30ean.

Lasterketak 3.079 metroko zirkuituan egingo dituzte; horietatik 271 metro asfaltoan izango dira eta 2.808 metro zelaian.

Aurkezpena

Lehiaketa gaur goizean aurkeztu dute Abadiñoko udaletxean, eta bertan izan dira Mikel Urrutia alkatea eta Rafa Bilbao kirol zinegotzia, barikuan 15:00etan eta zapatuan 9:30ean hasiko diren proben antolatzailea den Abadiño Muntsaratz Txirrindularia Kirol Klubeko Joseba Gorostiza arduradunarekin batera.  

Aurkezpenean azaldu dutenez, Euskadiko Txapelketa - Abadiñoko Udala Sarian Euskadiko kirolari garrantzitsuenak izango dira, besteak beste Gorka Izagirre (Movistar), Jonathan Lastra (Cofidis), Omar Fraile (Ineos) eta Aitor Hernández (ERM), eta baita 23 urtez azpiko Gorka Corres eta Diego Ruiz de Arkaute (Caja Rural-RGA). Txapelketa 3.079 metroko zirkuituan jokatuko da, horietatik 271 metro asfaltozkoak izango dira eta 2.808 metro landakoak.  

Barikuko probak, bere aldetik, hogeitik gora kirolarik osatutako herriko ordezkaritza zabala izango du. Kadete mailan, besteak beste, Ander Mendizabalek, Paul Mendizabalek, Hegoi Arrindak, Ipar Arrindak, Markel Garitaonandiak edo Jon Gazteluk hartuko dute parte, eta jubeniletan Unai Moran azpimarratu behar da.  

 

ORDUTEGIA

ABENDUAK 29

  • 15:00 Benjaminak.
  • 15:30 Kimuak.
  • 16:00 Haur-kategoria.

ABENDUAK 30

  • 09:30: Master 40, 50, 60 (Gizonak).
  • 10:30 Kadeteak, neskak eta mutilak.
  • 11:30 Juniorrak, neskak eta mutilak.
  • 11:30 Emakumeen elite maila eta 23 urtez azpikoa.
  • 12:30 Gizonen elite maila, 23 urtez azpikoa eta Master 30 maila.
  • 13:30 Sari banaketa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!