Traña-Matienako erdigunean irisgarritasuna hobetzea eta trafikorik gabeko inguruneak sortzen jarraitzea helburu dituzten lanak urte hasieran egingo dituzte. "Txinurrisoloko jarduketak jarraipena ematen dio Traña-Matienako alde zahar osoa oinezkoentzat egokitzeko prozesuari. Urteak daramatzagu ibilgailuei lekua irabazten, eta, horri esker, auzo eta herri atseginagoa eta irisgarritasun hobea dugu", azaldu du Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak.
Behin lanak burututa, kalea oinezkoentzat izango da, eta baimendutako ibilgailuak 15 minuturako baino ezingo dira sartu.
"Hau da legealdi honetako erronketako bat. Obra garrantzitsua da, bizilagunek luzaroan itxaron dute, eta ingurua nabarmen hobetuko du, erkidego batzuk igogailuak instalatzeko aukera ere izango dutelako. Obrak Gabonen bueltan hastea eta erritmo egokian gauzatzea espero dugu, gehienak, behintzat, Traña-Matienako jaietarako amaituta egon daitezen", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.