Hasi da. Martxan da greba orokor feminista. Mugimendu feministak aurrekaririk bako mugarri bat ezarriko du gaur, bestelako eragile sozial eta politikoekin batera. Erratzak, lanbasak, gurpildun aulkiak, umeen gurditxoak... zaintza irudikatzen duten elementuak eskutan hartuta, grebalariek Durangaldeko errepideetara irtenda ekin diote aldarrikapen egunari. Errepideetara irten dute 07:00etan, zaintza sistema publiko bat beharrezkoa dela aldarrikatzeko.
Errepideak hartu dituzte eskualde osoan
Bideoan Abadiñoko manifestazioa jaso dugu. Grebalariek San Blas hoteletik Gestamp enpresara egin dute manifestazioa, Atzerritartasun legearekin amaitu. Zaintza langile guztiak erregularizatu lemapean. Baina Traña-Matienan egin dutena ez da eskualdeko mobilizazio bakarra izan. Eskualdeko beste hainbat lekutan ere manifestazioak egin dituzte. Berriztarrek Aboro jatetxeko (Eitua) biribilgunetik ekin diote martxari Zaintza sistema publikoaren alde! modukoak oihukatuta. Zaldibarren, Manufacturas Zetatik irten eta Muelles Zaldua enpresara bidean manifestatu dira Bizitza duinen alde! aldarria kaleratuta.
Iurretako, Durangoko, Mañariko eta Izurtzako grebalariek zutabe bakarra eratu dute. Iurretako Polypal enpresatik abiatu dira, handik Smurfit aldera egiteko. Zaintza langileen baldintza duinen alde! lema erabili dute protestan zehar. Mallabiarrak ermuarrekin batera mobilizatu dira. San Lorentzoko biribilgunetik hasita. Zaintza sistema publikoa indartu eta garatu! mezua aldarrikatu dute. Zornotzako grebalariek Aludium enpresatik ekin diote errepideak hartzeko ibilbideari. Agria enpresako biribilgunera abiatu dira Zaintzaileei laguntzeko sareak sortu! lemapean. Azkenik, Atxondoko eta Elorrioko herritarrek Cemosatik (Atxondo) Besaide enpresara arteko ibilbidea (Elorrio) egin dute. Agroekologia babestea eta sustatzea izan da aukeratu duten mezua.
Egun honetako mobilizazio guztiak hemen kontsultatu daitezke herrika.