Gaur egun baserritik bizi zara, baina ez beti.
Datorren urtean 30 urte egingo ditugu hemen Txaro Zarandona bikotekideak eta biok. Horren aurretik, 15-16 urte tailerrean egin nituen. Tailerragaz kokoteraino nengoela eta, bizimodua aldatzea pentsatu nuen.
Klima aldaketa igarri duzue?
Igarri dugu aldaketa hori, baina, batez ere, ortuak sumatu du aldaketa. Hona etorri ginenean, neguan urte askoan bidetik ezin izaten zen irten, elurragaz tapatuta egoten zelako. Gero, garbitzen hasi ziren. Elurra polito botatzen zuen eta egun askora urtzen zen. Azken 15 urtean joera hori gutxitzen joan da. Orain lantzean behin botatzen du halako elurteren bat, baina txikiak izaten dira, egun batekoak asko jota. Ortuan ere igartzen da. Udan hiru hilabetean euririk ganoraz ez egitea pentsaezina zen. Lehen, ez genuen ortua ureztatzen. Orain ekaitz gogorrak egiten ditu eta hori kalterako da. Eskas busten du horrek. Udan oso arraroa zen hiru-lau astean ezer ez botatzea. Oso uda arraroa izan da. Bestalde, konturatu gara paraje honetan, Anbototik Oizera, hortxe parean, euri gutxiago egiten duela; Durango, Abadiño, Atxondo, Berriz inguru horretan. Zornotzarantza bazoaz zaparrada botatzen du, eta hona heltzerakoan gutxiago. Ez dakit Marik zerikusirik izango ote duen (barrez).
Aldaketa hori joera bat izan daiteke?
Urte batzuk dira hori gertatzen dena, eta negutik udara kolpean pasatzen gara orain, baita alderantziz ere. Udaberria eta udazkena desagertu egin dira. Ez dago tarterik tenperaturek apurka-apurka gora edo behera egiteko. Aurtengoa nahiko urte arraroa izan da. Apirilean egun argiak izan ditugu, abuztuan baino gehiago. Abuztuan ez du eguraldi txarra egin, baina lainope egon gara egun askotan. Nahiko urte arraroa izan da. Baina euria gutxikoa. Kopuru aldetik, adituek datu zehatzak izango dituzte, baina orturako behintzat, euri gutxi egin du. Urtegiak beteko dira, baina horrek ez du orturako balio. Tenperatura altuekin landareek asko sufritzen dute. Iaz ia ez genuen bainarik batu, beroaren beroagaz lorea jausi egin zitzaien eta. Ureztatzeak ez du balio kasu horretan. Bere tenperatura behar du.
Noiz igarri zenuen aldaketa?
Urte piloa da aldaketa hasi zela. Hamar bat urte, gehiago ez badira.
Zer aldatu da?
Ez dut egun puntualik gogoan, baina, esate baterako, oso zirimiri gutxi egiten du. Lehen, neguan, txiri-txiri botatzen zuen aspertu arte.
Zirimiria galtzen gabiltza?
Baietz esango nuke. Hemengo eguraldia horrelakoa zen, eta hori galdu egin da. Egun batzuetan egiten du apur bat, baina azken urteetan ez dakit gogoratzen dudan egun oso bat zirimiria egiten.
Ortuak zirimiria behar du?
Zeozer gehitxoago. Zirimiri lanbro ganorabako hori ere ez. Baserritarrak zaparrada normalak behar ditu. Kontua da, neguan, behar dugun baino gehiago egiten duela, beti gabiltza berdina esaten: "Gutxitxoago egingo balu, eta udan gehitxoago bota". Baina hori ezinezkoa denez...
Joera horrek zertan eragin du zuen lanean?
Orain ureztapena beharrezkoa da eta derrigor ipini behar da sistemaren bat. Lehen ere bero egiten zuen abuztuan, baina landarea egonkortuta zegoen lurrean, sustraia ondo botata, eta kapaz zan apur bat aguantatzeko. Eta ura botaz gero, hobeto. Ez zen sikatzen, egunen batean zaparradaren bat botatzen zuen eta. Gaur egun, maiatzean landare bat ipini eta ureztatu ezik, akabo! Ez du aurrera egingo. Sikatu egingo da. Maiatzetik aurrera izaten dira ekaitzak uda partean, baina irail edo urrira arte ez du ia euririk egiten ganoraz.
Ekaitzen batek uzta kaltetu dizue?
Alde horretatik, azken urteetan nahiko zorte handia izan dugu. Orain hamar bat urte, San Antonio egunean, harria bota zuen. Ordutik hona, izan dugu kalte txikiren bat edo beste, ekaitzak lurra eraman digula eta horrelakoren bat. Kontu larriagoak gertatu zaizkie lagun batzuei. Euren ortu eta negutegiak urak goitik behera hartuta erreka bazterretan...
Zuen kasuan, klima lan-tresna bat da. Ematen diogu gai honi duen garrantzia?
Tailerrean behar egiten nuenean, abuztuan oporrak izanda ernegatu egiten nuen zirimiria egiten zuelako. Orain, ostera, euria egiten badu, "zelako zaparradaren elegantea!", egiten dut neure artean.
Konbentzituta zaude klima aldaketaren inguruan gauzak aldatu beharko liratekeela?
Ez dut uste jendeak arrisku hori ikusten duenik. Eta administrazioaren aldetik berba asko bai, baina zer egiten dabiltza? Energia nuklearra eta gasa energia berdea dira bat-batean. Horrela ez da posible. Edo geuk egiten dugu edo bestela nik ez daukat besteengan konfiantza handirik. Baina gauza hauek ez daude gure eskura.
Momentu honetan gazte bat egon daiteke zu orain 30 urte zeunden egoeran. Zer esango zenioke?
Animatu dadila. Baina astiro-astiro hasi dadila. Ni hasi nintzenean errazagoa zen, plazek funtzionatu egiten zuten. Ez zegoen merkataritza-gune handirik. Durangon denda asko zegoen jeneroa saltzera eramateko. Orain askoz ere gehiago kostatzen da saltzea. Hemendik bizi daiteke, baina ez utzi dena alde batera. Kontuan izan urte edo urte eta erdian ez dagoela diru sarrerarik. Baina honetatik bizi daiteke, ganorazko lur nahikoa edukiz gero. Administrazioak sarritan esaten du lehen sektorea estrategikoa dela. Eskerrak estrategikoa dela, bestela akabo! Askoz ere errazago ipintzen dituzte ortu komunitarioak, eta oso ondo daude. Baina ahalegin apur bat egin daiteke lurrak lortzeko eta batzeko. Eurek dituzte giltz guztiak horrelako kontuak mugitzeko.
Hazien eta barietateen gaia ere mahai gainean dago.
Hiru-lau enpresek hazien barietateak gordetzen dituzte. Ortuan erabiltzen diren produktuen barietateen %80 galdu egin da. Horiei ez zaie interesatzen bertako barietateak sortzea. Bertakoa ez dakit zeozer geratzen den; baserrietan gordetzen dena. Hazi horiek norberak gordetzen ditu eta ondo egokituta daude norberaren lursailera. Toki bakoitzak bere klima propioa du. Haziak horretara egokituta ez badaude, geroago eta txarragora goaz. Alde batetik aldaketa klimatikoa dago, eta beste alde batetik ez dugu hazirik eta barietaterik bertara egokituta. Hori arazo larria izango da hemendik aurrera. Barietate horiek segun eta norako eta zein klimatarako sortu, orduan baliteke beste leku batzuetarako balio ez izatea. Produkzio guztia leku jakin batzuetan kontzentratzen jarraituko dugu. Lau lagunen eskuetan geratuko da mundu guztiaren elikadura.