Abadiñoko Udalak kale garbiketako zerbitzua indartuko du auzoetan eta asteburuetan

Anboto 2023ko aza. 20a, 15:26

Azken osoko bilkuran, Abadiñoko Udalak kale garbiketako zerbitzu berriaren kontratazioa arautuko duten pleguak onartu zituen. Zerbitzu hori indartu egingo da 2024ko lehenengo hiruhilekotik aurrera, zerbitzu gehigarria eginez asteburuan.

Traña-Matienan eta Astolan ez ezik, Zelaietan eta Muntsaratzen ere arituko da erratz-makina egunero. Horretarako, langile gehiago arituko da, lanaldi bi eta erdi gehiago. Jakinarazi dute baita ere Zelaietako eta Muntsarazeko garbiketa zerbitzua udal langileek egiten dutela, baina beste pertsona bategaz indartuko dutela. 

"Abadiñoko garbiketa zerbitzua osorik indartzea erabaki dugu eta otsailetik aurrera egunero egongo da garbiketa zerbitzua, behargin gehiagogaz, kalitatearen kontrol handiagoagaz. Eta kontrataturiko pertsona guztiak udaleko lan-poltsetan daudenak izango dira", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. 

EAJko kideak kritiko agertu ziren plegu berriekin. "Plegu hauek gaur egungoak baino hobeak dira, baina guk aurreikusten genituenak baino txarragoak. Gure ustez, ez da erabaki ona", kritikatu zuen Mikel Garaizabal EAJren bozeramaileak. Alkateak erantzun zion Garaizabali haiek gobernatu zutenean "kontratuak luzatu" baino ez zituztela egin. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!