Altube anaiak eta Aitor Bizkarra Bilboko finalerako txartelaren bila

Aritz Maldonado 2023ko aza. 17a, 11:15

Xabat Galletebeitia eta Aitor Etxebarriazarraga kantuan Berrizko saioan, joan zen zapatuan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa azken txanpan da dagoeneko. Zapatuan, hilak 18, bigarren finalaurrekoa jokatuko da, Santurtzin, Serantes kultur aretoan, 17:00etan.

Hiru abadiñarrek kantatuko dute bertan: Txaber eta Bittor Altube anaiek eta Aitor Bizkarrak. Eurekin batera, Jone Uriak, Mikel Goirienak eta Unai Mendiburuk osatuko dute saioko seikotea. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta gainerakoek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera. Gai jartzaile beharretan Igor Menika arituko da. 

Bilboko finalerako (abenduak 16) lehenengo sailkatua Xabat Galletebeitia lekeitiarra da. Berak batu zuen punturik gehien lehenengo finalaurrekoan, Berrizko Olakueta frontoian: 616,5.  Gorka Pagonabarraga bertsolari durangarrak egin zuen bigarren, 604 puntu eskuratuta. Orain urte biko txapelketako puntuazioari erreparatuz gero, duen puntuazioagaz badu aukera finalean sartzeko, baina beste finalerdi bietako puntuazioari itxaron beharko dio hori jakiteko. Berrizko finalerdian Aitor Etxebarriazarragak egin zuen hirugarren, Eneko Abasolo 'Abarkas' iurretarrak laugarren, Koldo Gezuragak bosgarren, eta Iruri Altzerreka garaitarrak seigarren. Itxaro Juaristi aritu zen gai-jartzaile. 550 bat bertsozale batu ziren Berrizen.

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta oraindino sarrerarik balego saioaren egunean, txarteldegian bertan salduko lirateke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!