Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu dute Abadiñon

Anboto 2023ko aza. 16a, 13:16

Abadiñoko Merkatari Elkarteak eta udalak antolatu dute ekimena. Parte hartu gura duten merkatari eta ostalariek aurrez izena eman beharko dute. Izen-ematea azaroaren 18a baino lehen egin beharko da. 

Abadiñoko Merkatari Elkarteak eta udalak Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu dute, herriko merkataritza sustatzeko. Hori horrela, Abadiñoko merkatari eta ostalariei bertan parte hartzeko deia luzatu diete. 

Udaletik jakitera eman dutenez, dekorazioa gutxienez abenduaren 4tik 23ra bitartean eduki beharko da, eta parte hartu gura dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena. Izen ematea amelkartea@gmail.com helbidera idatzita edo 747 795 427 telefono zenbakira whatsapp mezu bat bidalita egin daiteke. 

Sariei dagokienez, boto gehien jasotzen dituen erakusleihoarentzat 700 euroko saria egongo da, beherapen-kupoietan. Bigarrenak 350 euro jasoko ditu beherapen-kupoietan, eta bozketan parte hartzen duten guztien artean 350 euroko saria zozkatuko da, 5 eta 10 euroko kupoietan.

"Erakusleihoen lehiaketaren bidez tokiko merkataritza eta merkataritza tradizional dinamizatu gura dugu. Merkatarien eta ostalaritzako profesionalen lana aitortu, eta haien proposamen sortzaileekin Gabonetako jaietan udalerria animatu gura dugu", azaldu du Edurne Maguregi alkateordeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!