Abadiñoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, 509 proposamen jaso dituzte aurrekontu parte-hartzaileetan, eta guztira 252 pertsonek parte hartu dute. Orain, udal teknikariek horietako bakoitzaren bideragarritasuna aztertuko dute, herritarren esku jarriko den proiektuen zerrenda zehaztu eta 2024ko udal aurrekontuan sartuko diren proiektuen azken aukeraketa egiteko.
"Pozik gaude parte hartzea oso handia izan delako, eta hori da helburua, herritarrak inplikatzea eta Abadiño hobea egiteko iradokizunak helaraztea. Orain horiek aztertzea eta bozkatu ahal izango diren proiektuen zerrenda osatzea dagokigu, baina ekarpen guztiak kontuan hartuko ditugu modu batera edo bestera erantzuten saiatzeko. Aldi berean, lanean jarraitzen dugu aurreko prozesuaren agindua betetzeko eta Traña-Matienana komun publikoak instalatzeko", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Proposamenei dagokienez, gehienak (321) hirigintza arloarekin zerikusia dutela jakitera eman dute udaletik. Eta bigarren multzoa ingurumen arlokoa (77) dela azaldu dute.