“Domeketan Zelaietan ez dago ogia non erosi; azoka herria pizteko modu bat izan daiteke”

Maialen Zuazubiskar 2023ko aza. 10a, 13:30

Herriko ekoizle eta artisau batzuek bultzatuta, azoka egingo dute domekan Abadiñon, Zelaietan. Hileko bigarren domeka guztietan azoka egitea da euren asmoa. 10:30etik 14:30era egongo dira, Txanportan. 

Azoka bat antolatu duzue domeka honetarako, eta, gainera, iraunkorra izan da, egun gehiagotan egingo duzue. Zelan bururatu zitzaizuen ideia?
Aitor Urien: Apatan bururatu zitzaigun, hango azoka batean geundela. Arrietan (Bizkaia) azoka bat egiten dute hileko lehenengo domekan, eta Zelaietarako ere horrelako azoka bat aproposa izan zitekeela iruditu zitzaigun. Zelaietan badago beharrizan bat eta uste dugu herriak beste bultzada bat izango duela horrela.
Itziar Larrinaga: Gainera, ekoizleek hilero plaza bat izango dute horrela, plaza hori eskainiko diegu. 
A.U.: Ekoizleei eta herritarrei. Esaterako, domeketan Zelaietan ez daukazu ogia non erosi. Azoka herria pizteko modu bat izan daiteke.
I.L.: Ikusten genuen azken hileetan, azken urteetan, auzoak giroa galdu duela, jende gutxiago dabilela, eta horrelako ekimen batek jendea erakarri lezakeela. Auzoa biziberritzeko azoka bat izango da.  

Azokak ekoizleak eta artisauak batuko ditu. 
I.L.: Ekoizleentzako azoka bat izatea da ideia. Eta azokak ekoizle finko batzuk izango ditu. Baina, eurak bakarrik egon beharrean, artisau batzuk eta beste ekoizle batzuk ere gonbidatuko ditugu, azoka gehiago janzteko. Eta giroa gehiago animatzeko, jakina.
A.U.: Hasieran, ekoizleak Durangaldekoak izango dira, eta ondo doala ikusten badugu, gonbidatuak urrunagotik ere ekartzea baloratuko dugu.

Lehenengo azoka domeka honetan izango da. Zelan zaudete?
A.U.: Ilusio handiagaz. Beldur apur bat diot eguraldiari. Eguraldi txarra eginez gero, probalekuan egin beharko dugu eta. Baina hori ez dago gure esku.
I.L.: Ilusionatuta gaude; azken batean, gogotsu hartu dugun kontu bat da eta gogoa dugu ikusteko ea zelako harrera duen. 

Azokak hileko bigarren domeketan izango dira, Zelaietan.
A.U.: San Blas eguna kenduta, Zelaietan ez da horrelako ezer egiten, eta Zelaietan falta hori igartzen dugu. Zelaietak azoka baten beharra du. Matienan, esaterako, merkatua dago eguaztenero. Azoka arrakastatsua izatea litzateke onena, eta hileko bigarren domeketan azoka Zelaietan egitea, eta beste domekaren batean Matienan. Baina, hori ikusi egin beharko dugu. 
I.L.: Ekartzekotan, egonkortasun batek ekarriko digu arrakasta. Eta hile batean toki batean eta hurrengoan bestean eginez gero, etorri daitekeen bezero potentzial hori zoratu egin dezakegu. Bezeroa ohitu egin behar dugu. 

Besterik gehitu gura duzue?
I.L.: Herritarrei, datozela! 
A.U.: Bai, datozela, erosteko eta ikusteko aukera egongo da eta. Sortu berri den azoka honek herritarren berotasuna behar du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!