"Bart gaueko Euromilioiko zozketan milioi bat euro egokitu dira Petite liburudendan"

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 8a, 10:07

Mikel Petite eta Maribi Irazola.

Petitetarren dendako sartu-irtenak alaiak izaten dira goizero-goizero. Handik egunero igarotzea bezalakorik ez dago horretaz jabetzeko. Baina, gaur, are eta gehiago antzematen da alaitasun hori. Euromilioien sari potolo bat bertan egokitu da, eta ANBOTO bertara hurbildu da zozketaren gorabeherak ezagutzera. Pasteltxoz beteriko erretilu birekin, halantxik topatu dugu Mikel Petite dendaria. Pozik eta irribarretsu. Eta dendak goizean izaten duen sartu-irtenen artean, bezeroak hasi dira sartzen. Saria irabazi dutenik ere konturatu barik. “Zer? Niri ere tokatu al zait saria?”, oihukatu du bezero batek kazetari-dendariaren elkarrizketa entzuten zebilela. Halakoxea izan da goiza. Zozketa bezalakoa: sorpresaz eta alaitasunez beterikoa.

Pastelak ikusten ditugu hemen. Zer dela eta? Zer daukazue ospatzeko?
Mikel Petite: Gaur gaueko Euromilioieko zozketan milioi bat euro egokitu dira Petite liburudendan.

Nori tokatu zaion edo badakizue?
M.P.: Hemen, Petiten lagunarte bat daukagu. 87 pertsonak osatutako lagunartea eta denei tokatu zaie. Bakoitzari 10.000 euro inguru.
Maribi Irazola: Eh! Zer diozue baina? Ba ni ere lagunarte horretan sartuta nago!

Hara! Ba orduan zuri ere tokatuko zitzaizun saria!
M.I.: Ba bai itxura danez, bai. [Mikel Petiterengana zuzenduta] Gaur goizean zure aitak (Martin Petitek) mezu bat bidali dit, baina txantxa bat zela pentsatu dut. Inoiz ez baita ezer tokatzen.

Eta nola zaude? Zelan hartu duzu berria?
M.I.: Ba nik zer dakit! Ez nekien ezer.! Ai ama, ezin dut sinistu!

Mikel, zer gertatzen da zuen denda honetan. Bolada luzea daramazue sariak banatzen eta banatzen.
M.P.: Eta segida dezala bolada on honek. Horrelako poztasunek laguntzen dute eta aurrera egiten.

Mikel Petitek eguna alaitu die bere dendara sarturiko hainbat auzotarri. Askok ez dute saria egokitu zaienik jakin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!