Hileko bigarren domeketan artisau eta ekoizleen azoka egingo dute Zelaietan

Anboto 2023ko aza. 7a, 11:59

Domeka honetan egingo dute lehenengo azoka, Zelaietako Txanporta plazan. 10:30etatik 14:30era. 

Ekoizle eta artisau talde batek bultzatuta hileko bigarren domeketan azoka egiten hasiko dira Abadiñon. Azoka 10:30etatik 14:30era izango da Zelaietan, Txanporta plazan. Euria eginez gero, Probalekuan egingo da.

Hori horrela, hileko bigarren domeketan, dozena bat postu egongo dira. Postu batzuk finkoak izango dira eta produktu hauek egongo dira: eztia, gazta, barazkiak eta ogia, besteak beste. Gainontzeko postuak gonbidatuek osatuko dituzte, artisauek esaterako. Gainera, giroa berotzeko animazioa egongo da. Lehenengo azokan bertsolariak egongo dira. 

Abadiñoko Udaletik jakitera eman dutenez, ekimenaren helburua bertako produktuentzat eta artisauentzat, hilero saltzeko eta jendearekin harremanetan jartzeko gunea eskaintzea da. Azokak bizilagunei 0 kilometroko produktuak erosteko aukera eskainiko die eta inguruko ekoizleek eta sortzaileek euren produktuak eskaintzeko salmenta-puntu finko bat izango dute. 

"Proiektu hau gauzatzearekin konprometituta gaude, gure iritziz, lehen sektorea dinamizatzeko ekimen interesgarria delako, eta, aldi berean, aisialdirako alternatiba bat delako", azaldu du Edurne Maguregi alkateordeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!