Nondik dator ideia?
Libe Estebaranz: Dantzertin nengoen garaian, El día que dejé de oler a mí testua sortu nuen. Oso momentu berezia izan zen nire bizitzan, inoiz ez baitut topatu munduari esateko ezer; beti neuretzat idatzi izan dut. Maitasun erromantikoari buruz ikertzen hasi nintzen, zelan eragiten gaituen. Horrez gainera, nire gurasoak banatuta daude, eta konturatu nintzen hor ere bazegoela antzekotasuna; etxez aldatzerakoan, nire usaina galtzen joan nintzen, ez zegoelako leku bat berau mantentzen zena. Ideia Trantsizioak deialdira aurkeztu nuen, eta hor onartzeak beharrezkoa nuen bultzada bat eman zidan, nigan sinesteko, konpainia sortzeko, eta obra luze bat egiteko. Horri eskerrak arriskatu nintzen.
Protagonistak Libe eta Irene deitzen dira. Zenbat du obrak autobiografikotik?
Irene Zarrabeitia: Ni, hasieran, zuzendaria baino ez nintzen, Amets Ibarra zen aktorea, eta gero hartu nuen papera; beraz, euren bien biografiatik sortu zen. Autofikzioan, biografia noraino sartu erabakitzea gatxa izan zen, hala ere. Gezurra eta egia batu egiten dira, baina beti ere emaitza narratiboaren mesedetan. Irene deitzen da, baina ez du ezer Irenetik. Baina, azken finean, antzerkia hori da, ezta? Edozein istorio kontatu dezakezu edozein modutan. Niri Amets ordezkatzea ez zitzaidan gatxa egin. Pertsonaia ulertu eta pertsona horren azalean sartzea da lana.
Elkarregaz egin duzuen lehenengo sorkuntza izan da hau?
I. Z.: Sopelako antzokian gaztelaniaz estreinatu genuen, apirilean, eta orain euskaraz. Pentsa, bigarren estreinu hau La Fundición aretoan egin dugu, behean, publikoa parez pare dugula. Esperientzia desberdina izan da, baina polita.
L. E.: Prozesua bera 2021ean hasi genuen, eta urte gorabeheratsu bi izan dira, baina asko ikasi dugu; entsegu gelarik barik hasi ginen, alde batetik bestera, elkartzeko zailtasunekin, eta, hala ere, aurrera atera ahal izan dugu. Ez dugu aipatzen, baina garrantiztsua da baita ere azpimarratzea Trantsizioa deialdian dirurik jaso ez duen deialdia izan dela gurea. Beharbada gu baikorregiak izan gara, baina prekaritatetik ere aurrera egin ahal izan dugu. Elkarrengandik asko ikasi dugu obra hau sortzerakoan, eta urte bi hauetan, antzeztetik aparte, beste lan batzuk kudeatzen ere ikasi dugu: burokrazia, teknikariekin lan egitea...
'Devicing' metodoa erabiltzen duzue La Higueran.
I. Z.: Lana ez jerarkizatzeko metodo bat da, labur esanda; hau da, sorkuntza denon artean egitea. Horrek ez du esan gura bakoitzaren lana ez denik aitortzen. Bakoitzak berea ez den alorrean ere egiten ditu ekarpenak; jendea gogo eta energia beretsuan dagoenean, itzela da.
L. E.: Diziplina desberdinak erabili ditugu, eta, adibidez, Adrian Gonzalezen bideoak ere erabili ditugu iragana aipatzeko, eta Martin Lasaren marrazkiak istorioa kontatzeko. Komunitatetik sortu gura izan dugu.
Zein litzateke hurrengo pausoa? Zer egiteko asmoa duzue?
L. E.: Obra gehiago zabaltzen ahaleginduko gara; ez dugu gura orain hiltzea. Baina horrek lana dakar, eta gatxa da. Jende nagusiak ez du ia saiorik lortzen, eta gazteontzat oraindino gatxagoa da lortzea. Baina ahaleginduko gara. Egia esateko, ez daukagu ezer lotuta.
I. Z.: Koronabirusaren ondoren, aurrekontuak murriztu egin dira kultur arloan, eta gatx dago, baina prest gaude ea beste ezer irteten zaigun.