"Mutil-laguna Puro Relajoren kontzertu batean ezagutu nuen"

Anboto 2023ko aza. 5a, 10:20

Idurre Amezua (Abadiño, 1979) Puro Relajo taldearen zale sutsua da; orain sei urte ezagutu zituen, Arratzun, eta harrezkero aukera duen guztietan joaten da talde nafarrak emaniko kontzertuetara. Orain aste batzuk Mañarian izan zen Puro Relajo, etxe alboan. Hala ere, Amezuak ez zuen bertara joateko aukerarik izan, lan egin behar zuelako. Talde nafarraren zale amorratua da abadiñarra.

Zelan ezagutu zenuen Puro Relajo?
Arratzun entzun nituen lehenengoz, 2017an. Lagun batek esanda joan nintzen. Liluratuta geratu ginen. Guztiz harrapatu ninduten! Oso jatorrak dira gainera, dena ematen dute. Beti daude prest argazkiak ateratzeko, jarraitzaileekin egoteko, beti umoretsu... Etxekoak lez dira. Pastelak, litxarreriak... eroaten dizkiet noizbehinka.

Beti gustatu izan zaizkizu rantxerak?  
Bai. Egan, Akelarre... ikustera joan naiz beti. Baina Puro Relajo beste kontu bat izan da. Egunero entzuten dut, kotxean. Abestiek lasaitasuna ematen didate, dantzagarriak dira...

Zein duzu rantxerarik gustukoena?
Esta es pa mi viejo. Aita hilari eskainia da, oso hunkigarria.

Ahal izan duzun denetan joan zara Puro Relajo ikustera. Nora joan zara urrunen?
Castelloko Tirig herrira (Valentzia) joan ginen iaz, lagun bi. Ordizian ikusi genituen lehenengo, eguazten batean, eta bariku horretan Tirigen jotzekoak ziren. Bada, esan eta egin, bertara joan ginen. Bi edo hiru egun egin genituen han. Soriara eta Errioxara ere joan gara Puro Relajo ikustera.

Asteburuetako plan asko izango zenuen Puro Relajo ikusteko.
Bai. Antzokietan jo izan dutenean sarrera aurretik hartu behar izan dugu, eta plana gero lotu. Bertan lo egin, eta biharamunean beste non edo non joz gero, haraxe joan izan gara. 

Bereziki gogoan duzun kontzerturik?
Iazko sanferminetakoa oso berezia izan zen. Lehenengoz sanferminetara nindoala; 04:30ean etxeratu eta 06:30ean beharrera joan nintzen.

Non duzu hurrengo hitzordua?
Azaroaren 11n Morata de Jilocara (Zaragoza) joateko asmoa dugu. Baliteke azaroaren 18an Aibarrera (Nafarroa) joatea. Ikusiko dugu, baina asmo hori dugu. Taldeak 10 urte egin ditu aurten, eta Bilboko Eliseo Zelaiak antzokia, Iruñeko Baluarte eta Donostiako Kursaala bete dituzte. Hiruretan egon naiz, jakina! Urteurren birako azken kontzertua Aibarkoa izango da. Gero atsedenaldia hartuko dute urtarrilera arte. Oso luze egiten zaigu tarte hori.

Jarraitzaile kluba duzue?
Horrelako zerbait. Euskal Herri osoko jendea gara taldean, eta badugu hartu-emana. Kontzertuetara joateko elkartzen gara. Jende mordoa ezagutu dut kontzertuetan. Nire mutil-laguna euren kontzertu batean ezagutu zuen, iaz, Zuatzan.

Modan jarraitzen dute rantxerek eta erromeria doinuek...
Puro Relajok geroago eta gazte gehiago erakartzen du, eta abesti guztiak ezagutzen dituzte gainera. Geroago eta jende gehiago batzen dute eta geroago eta kontzertu gehiago dute. Eurak ere harrituta daude.

Noizko rantxera feministak?
Ez dakit, ba! Galdetuko diet hurrengoan! (barrez)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!