Oihana Azkorbebeitiak 10. amaitu du Munduko Kopa

Anboto 2023ko urr. 29a, 09:30
Oihana Azkorbebeitia ( Skyrunner World Series GUARESTI)

Mendi lasterketen Skyrunner zirkuituko Munduko Kopako finala jokatu zen atzo Italian, LimoneXtreme Skyrace lasterketa, eta final honek ematen duen puntuazioagaz gehi zirkuitu osoan korrikalari bakoitzak lorturiko hiru emaitzarik onenak kontuan hartuta, Oihana Azkorbebeitiak hamargarren amaitu du sailkapen nagusian.

"Gaurko finalaren aurretik hamahirugarren nindoan sailkapen nagusian, eta Munduko Kopan nire helburua lehenengo hamarren artean egitea bazen ere, gatx ikusten nuen. Azkenean lortu dut eta opari ezin hobea izan da denboraldi borobil honi amaiera emateko", esan du korrikalari abadiñarrak. 

Azkorbebeitiak ondo aprobetxatu ditu bere aukerak eta etekin ederra atera dio bere erregulartasunari, betiko moduan. Izan ere, erregulartasuna da korrikalari abadiñarraren ezaugarri edo dohainetariko bat, azken urteetan erakutsi duen moduan. 2017tik hona, lehenengo hamarren artean geratu da Munduko Kopako sailkapen nagusian: bosgarren 2017an; seigarren 2018an; hamargarren 2019an; (2020an ez zen txapelketa jokatu); hirugarren 2021ean; bigarren iaz, 2022an; eta hamargarren aurten, 2023an.

Azkorbebeitia ez da Skyrunner zirkuituko finalean parte hartu duen Durangaldeko korrikalari bakarra izan. Markel Urigoitia otxandiarrak ere lasterketa bikaina egin zuen. 22. sailkatu zen. Azkorbebeitia 19. helmugaratu zen. Aitor Ajuria otxandiarrak ere parte hartu zuen, baina lasterketan arazoak izan zituen arnasa ondo hartzeko.

LimoneXtreme Skyrace lasterketak 23 kilometro ditu, eta 2.055 metroko desnibel positiboa. Elite mailako 90 korrikalari lehiatu ziren bertan, eta Sara Alonso euskaldunak irabazi zuen nesketan. Roberto Dilorenzo suitzarra nagusitu zen mutiletan.

Honela geratu da sailkapen nagusia nesketan:

1. Clementine Geoffray (Frantzia) 355 puntu

2. Karina Carsolio (Mexiko) 340 puntu

3. Iris Pessey (Frantzia) 308 puntu

4. Hillary Gerardi (AEB) 268 puntu

5. Marcela Vasinova (Txekiar Errepublika) 236 puntu

6. Kalie McCristal (Kanada) 232 puntu

7. Ikram Rharsalla (Maroko) 227 puntu

8. Noemie Vachon (Frantzia) 215 puntu

9. Ainara Urrutia (Euskal Herria) 208 puntu

10. Oihana Azkorbebeitia (Euskal Herria) 171 puntu

Mutiletan, Antonio Martínez espainiarra nagusitu da, 368 puntugaz. Manuel Merillas espainiarra sailkatu da bigarren, 340 puntugaz, eta Frederic Tranchand frantziarra hirugarren, 308 puntugaz.

Skyrunner World Series GUARESTI

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!