“Abadiñoko Gaztetxeari merezi duen omenaldia ematea da gure asmoa"

Anboto 2023ko urr. 27a, 11:30

Martzel Altube eta Malen Goñi

25 urte pasatu dira Abadiñoko Gaztetxea zabaldu zutenetik. Asteburuan urteurren jaia ospatuko dute bertan. 

Abadiñoko Gaztetxearen 25. urteurrena. Zelan zaudete?
Malen Goñi: Abadiño astintzeko gogoz gaude. Bidea apur bat negakarri egiten dabil, tartean gauza asko dugulako, baina oso gogotsu gaude, zailtasunak zailtasun.  

Bide bat eginda daukazue dagoeneko eta ospatu egin beharko duzue.
M. G.: Benetan ere! Mende laurdena betetzea ez da txantxa, eta, beraz, Gaztetxeari merezi duen omenaldia ematea da gure asmoa.

Zelan ospatuko duzue 25. urteurrena?
Martzel Altube: Aisialdi eskaintza zabala egongo da. Alde batetik, gauza berriak izango ditugu: urteurren jaiari hasiera emango dion bertso saioa eta azken eguneko artisau azoka, esaterako. Bestetik, tradizioari ere eutsiko diogu eta zapatuan urteroko bizikleta martxa eta bazkaria izango ditugu.
M. G.: Gaztetxean tradizioak pisu handia du eta eskerrak eman gura genizkieke Gaztetxearen sorreran egon zirenei eta harrezkero Abadiño ‘zertzen’ jarraitu dutenei. Eurei eskerrak gaude hemen, euren esfortzuagaitik. 

Luto poteoa egin zenuten, eskelak ipini zenituzten herritik zehar… Zergaitik erreferentzia hau heriotzari?
M. G.: Ideia hori hartu dugu oinarri urteurrenerako. Abadiño hilda dagoen herria dela erakutsi gura dugu, eta Gaztetxekoon lana dela herria berpiztea. Horregaitik, herria bera hilerri bihurtu dugu, eta horregaitik eskelak, oroitarriak… Umoreagaz heldu gura izan diogu Abadiñoko egungo egoerari. Baina horrek beste errealitate bat du atzean.
M. A.: Aurreko eredu politikoaren porrotak gazteriaren despolitizazio orokor bat ekarri duela ikusten dugu. Eta gazteek ez sinistea gaur egungo errealitatea aldatuko dela. Horrez gainera, Abadiñon ez dago aukerarik kontsumismoan oinarritzen ez den aisialdirik aurrera eramateko. Horregaitik ikusten dugu beste ideia politiko batzuei egin behar zaiela bidea. Eta kultur eredu berri bat sustatu behar dugula, eta, horretarako, Gaztetxea beharrezko espazioa da. 

Gaur egun zelako osasuna du Gaztetxeak?
M.G.: Ideia politiko berri hauei edo kultur eredu berriei heltzeko gogotsu dagoen Gazte Asanblada bat gaude Abadiñoko Gaztetxean. Baina, dena dela, gehiagoren artean errazago egiten dira gauzak. Beraz, hemendik dei egiten diegu Abadiñoko gazteei Gazte Asanbladan parte hartu dezaten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!