Dozenaka lagun batu dira Traña-Matienan, lan heriotza salatzeko elkarretaratzean

Anboto 2023ko urr. 25a, 19:33

Astelehen goizean lan istripu izan zen Traña-Matienakoa Rheinmetall (lehengo Pierburg) enpresan.  Ezbehar larri horretan, Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalaria ohia hil egin zen, lanean ari zela. 

Abanzabalegik 46 urte zituen eta Electricidad Anboto enpresarako lan egiten zuen. Rheinmetall enpresak Electricidad Anboto azpikontratatu egiten du.

Lan heriotza hori salatzeko gaur iluntzean kontzentrazio egin dute, Traña-Matienako Trañabarren etorbidean. Dozenaka lagun batu dira. Kontzentrazio hori Sortuk, LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak deitu dute. Eta Abadiñoko Udalak ere elkarretaratze horregaz bat egin du. 

Elkarretaratzean dagoeneko Euskal Herrian 46 pertsona hil direla lanean ari zirela salatu dute. “Heriotza hauen guztien aurrean neurri prebentiboen eza dago. Eta Osalani, lan ikuskaritzari eta patronalari exijitzen diegu prebentzioari behingoz behar bezalako garrantzia eman diezaietela. Sarraski hau behingoz gelditu behar da eta”, salatu dute.

Bestalde, hildakoaren senide, lagun eta familiartekoei elkartasuna adierazi diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!