Urriaren 10a Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna dela eta, Isiotu Kultur Elkarteak berbaldi bat antolatu du Abadiñoko Udalaren laguntzagaz. Biziraun elkarteko Iratxe Etxenike partaidea kultur elkartearen egoitzan izango da 18:30ean. Etxenikek suizidioaren inguruko berbaldi dibulgatiboa eskainiko du gaia argitara atera, prebentzioa landu eta gizartea gai honen aurrean sentsibilizatzeko.
Biziraun elkartea suizidioak mindutako pertsonen elkartea da. Elkartea 2016tik dago martxan. Bere zereginen artean dago suizidioak mindutako kideen artean espazio komunak sortzea, dolua partekatzea eta suizidioaren inguruko profesionalekin (osasun langileak, hezitzaileak, komunikabideak, erakundeak) sentsibilizazio lanak egitea.
Isiotu Kultur Elkarteak eta Abadiñoko Udalak berbaldian parte hartzeko deialdia egin gura die herritarrei, elkarteei zein gurasoen elkarteei. Suizidioaren fenomenoaz berba egiten hasteko, estigma deseraikitzen hasteko eta isilarazita dagoen errealitate bati izena, izana enpatia eta ikusgarritasuna ematen hasteko.