Pertsona bi atxilotu dituzte Abadiñon, "besarkada solidarioaren bidez" lapurtzea egotzita

Anboto 2023ko urr. 8a, 10:30

Atxilotuak 41 urteko emakume bat eta gizonezko bat dira. Lapurreta atzo eguerdian gertatu zen Markina-Xemeinen.

Ertzaintzak 41 urteko emakume bat eta gizonezko bat atxilotu ditu Abadiñon, atzo Markina-Xemeinen herritar bati lapurretan egitea egotzita. Segurtasun Sailak azaldu duenez, "biktima bere ibilgailutik irtetera zihoala, ustezko lapurretako bat harengana hurbildu eta musuak eta besarkadak ematen hasi zitzaion. Alde egitera zihoala, biktima konturatu zen eskumuturrekoa falta zitzaiola eta besoan zauri bat zeukala". Susmagarria ibilgailu batean sartu zen gero. Han zegoen zain ustezko bigarren lapurra, gidari lanetan.

Biktimaren senideetako batek gertaturikoaren berri eman zuen 112 larrialdi zerbitzuan. Handik gutxira, Trabakuko mendatetik Durangorako norabidean, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailua jarraitu eta geldiarazi zuen. Agenteek ibilgailu barruko pertsona biak atxilotu zituzten, "indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita".

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotu biek "aurrekari polizial ugari dituzte ondarearen aurkako delituengatik". Epailearen esku utzi zituzten atzo arratsaldean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!