Oihana Azkorbebeitiak Arenas de Cabraleseko hiru kilometro bertikalak irabazi ditu

Anboto 2023ko urr. 1a, 19:23
Maria Zorroza eta Oihana Azkorbebeitia, bigarren kilometro bertikalari ekin aurretik.

Asteburuan hiru kilometro bertikal jokatu dira Arenas de Cabrales herrian, Asturiasen, eta euskaldunak nagusitu dira nesketan zein mutiletan.

Nesketan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak hiru lasterketak irabazi ditu: zapatu goizean Calluengako igoera, zapatu arratsaldean Subisomaseko igoera, eta domeka goizean Aventoneko igoera. Berez, mendien desnibela kontuan hartuta, azkena da gogorrena, Aventonekoa, 1.900 metro eskasean 1.004 metroko desnibel positiboa duen menditzarrari aurre egin behar diotelako korrikalariek, baina korrikalaririk gehien-gehienei zapatu arratsaldekoa egin zaie gogorrena, Subisomaseko igoera. "Atzo arratsaldeko lauretan 31 gradu izan genituen irteeran, eta goizeko esfortzua ere ikaragarri igarri genuen. Hankak gogortuta eta halako beroagaz oso nekeza da gorputza berriro estutzea", azpimarratu du Azkorbebeitiak.

Garaipenerako lehian egon den Maria Zorroza korrikalari gernikarrak bigarren igoera horretan galdu zuen aukera sailkapen nagusiari begira, ondoezak jota heldu zen-eta gailurrera. Zorionez, ondo errekuperatu da eta gogotsu ekin dio domeka goizeko azken igoerari. "Kilometro bertikalik gogorrenean, Aventonekoan, ederto ikusi dut neure burua, lehiakor berriro, eta indarra eman dit datorren asteburuan jokatuko den Anboto Kilometro Bertikalean parte hartzeko", adierazi du Arrolape taldeko korrikalari gernikarrak. Hiru igoeretako denborak batuta, Azkorbebeitia izan da lehenengoa sailkapen nagusian (2.35.07), Maria Zorroza gernikara sailkatu da bigarren (2.55.23), eta Beatriz González extremadurarra hirugarren (3.12.59). Mutiletan, Lagun Onak taldeko Oier Etxeberria korrikalari azpeitiarra nagusitu da sailkapen orokorrean (2.09.47). Etxeberria bera ere Anboto Kilometro Bertikaleko irteeran egongo da Azkorbebeitiagaz eta Zorrozagaz batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!