Abadiñoko uholde-arriskuari aurrea hartzeko lanen zama ekonomikoa arintzeko konponbideak bilatzea adostu dute udalak eta URAk

Anboto 2023ko ira. 20a, 13:31

Mikel Urrutia alkatea, Jose Luis Navarro Hirigintza arloko arduraduna eta udaleko teknikariak URAko ordezkariekin bildu ziren joan zen astean. 

Uholde-arriskua prebenitzeko Abadiñoko Udalak eta URAk, Uraren Euskal Agentzia, hitzarmena sinatu zuten joan zen martxoan. Hitzarmen horren baitan, Traña-Matienan, Sarria eta Ibaizabal ibaien inguruan, hainbat jarduera egitea daude. Lan horiek 6,3 milioi eurotik gorako aurrekontua dute. 

Hori horrela, joan den eguaztenean, Mikel Urrutia alkatea, Jose Luis Navarro Hirigintza arloko arduraduna eta udaleko teknikariak URAko ordezkariekin bildu ziren, hitzarmenaren xehetasunetan sakontzeko. Udaletik jakitera eman dutenez, udalak bere gain hartu behar duen karga ekonomikoa, 2,3 milioi euro inguru, arintzeko alternatibak bilatzeko batu ziren. 

"Oinarrizko hainbat premia ditugu, eta horiei erantzun behar zaie, eta zenbateko horrek soberakinean dugun kopurua gainditzen du. Horregatik, udalari karga ekonomiko hori arintzeko fomulazioak bilatzea proposatu diegu. URAren aldetik jarrera positiboa eta elkarrizketarako irekia aurkitu dugu lanean jarraitzeko", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. 

Bestalde, udal arduradunek gogorarazi dute, horrelako proiektuk %50eko laguntzak izaten dituztela EGEF (Eskualde Garapenerako Europako Funtsa) funtsetatik, eta dirulaguntza horrek eragina izango zuela bi erakundeetan, ordaindu behar duten azken kopurua nabarmen murriztuz. 

"Ordainketak egiterakoan erraztasunak izango dituen programa ezartzeko aukera ere planteatu diegu, dirua aurreratu beharrean, dagozkion zenbatekoak udalak fase bakoitzeko obrak amaitu ondoren ordaindu ditzan", gaineratu du Navarrok. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!