Abadiñoko Udalak eta URAk 6,3 milioi euro ipiniko dituzte Ibaizabal errekaren uholde arriskuari aurre egiteko

Anboto 2023ko mar. 30a, 10:23

Martitzeneko osoko bilkuran, Abadiñoko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Ibaizabal errekak duen uholde arriskuari amaiera ematea da hitzarmen horren asmoa. Horretarako, lau urterako lan programa bat ezarri dute eta alde bien artean 6,3 milioi eurotik gorako zenbatekoa ordainduko dute.

"Erakundeen arteko lankidetzak aukera emango digu Traña-Matienan uholdeei aurre egiteko, eta, ondorioz, segurtasuna eta ondasun pertsonal eta materialen babesa hobetzeko funtsezkoak diren obra horiek martxan ipintzeko. Hau da, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berriro ere martxan ipintzeko", adierazi zuen Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak osoko bilkuran. Gainera, bidea "luzea" izan arren, HAPOa martxan ipinita "gura dugun herri modeloa" martxan ipiniko dutela azaldu zuen. 

Hitzarmenak hainbat jarduera batzen du. Lehenengo eta behin, Sarria ibaian ibilgua zabaltzea eta Laubideta kaleko zubiaren eta Ibaizabalegaz bat egiten duen gunearen artean uholde-ibilgu bat egitea. Bigarrenik, Trañapadurako zubi berriaren arteko tartean ibilgua zabaltzea ere aurreikusten da. Eta, azkenik, Ibaizabal errekari dagokionez, Astolako industrialde inguruan ibilgua eskumako ertzerantz zabaltzea, uholdeak gertatuz gero urak har dezakeen eremu bat sortuta, besteak beste.   

Javi Crespo Independienteen bozeramaile eta Abadiñoko alkateordeak adierazi zuen "oso egokitzat" hartzen dutela hitzarmena. "Herriak hazi egin gura badu, derrigorrezkoa da hitzarmen hau sinatzea eta lan horiek egitea. Bestela, ezinezkoa izango da, HAPOa geldirik izango dugulako", gaineratu zuen. 

EH Bilduko bost zinegotziek, ostera, udalaren eta URAren hitzarmenaren kontra bozkatu zuten. "URAren jarrera lotsagarria da. Bere konpetentzia diren lanak egiteko Abadiñoko plan orokorra bahitu egiten du, eta, ondoren, erreskate bat eskatzen du. Hau xantaia da", kritikatu zuen Mikel Urrutia EH Bilduren bozeramaileak. "Gainera, uholde-arriskuari aurre egiteko barik, horrela lur horietan eraiki ahal izango delako eta dirua mugitzen delako egingo dira lan horiek", gaineratu zuen Urrutiak. "Udalak 2.325.000 euro gastatu beharko ditu honetarako, eta ez dugu dirurik izango herriari zerbitzu hobeak emateko", zehaztu zuen Urrutiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!