Abadiñoko Udalak igeriketa ikastoren eskaintza handitu du

Anboto 2023ko ira. 20a, 08:04

Zerbitzua kudeatzen duen enpresarekin lankidetzan, errefortzuko sei ikastaro eskainiko dituzte. 

Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak bilera egin ditu azken egunotan udal kirol zerbitzuak kudeatzen dituen enpresarekin, Astolako igeriketa ikastaroen eskaintza aztertzeko. Udaletik azaldu dutenez, indarrean dagoen kontratuaren esparruan, matrikulazio-prozesuaren ondoren sortutako itxaron-zerrendei erantzuteko zerbitzua indartzea erabaki dute. 

Hori horrela, errefortzuko sei ikastaro gehiago eskainiko dira eskaera handieneko ordutarteetan. Hau da, arratsaldez, astelehenetik barikura. Gainera, horrela, ikastaro batzuetan plaza libreak geratzen direla azaldu dute. 

Bestalde, datorren urteari begira kirol-ikastaroetan izena emateko prozesuan hobekuntzak sartzea erabaki dute. "Herritarrek esaten digutena entzuten ari gara, eta enpresarekin batera lanean ari gara zerbitzua hobetzen jarraitzeko", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!