Oihana Azkorbebeitia laugarren Grigne Skymarathon mendi lasterketan

Anboto 2023ko ira. 17a, 20:45
Argazkia: Grigne Skymarathon

Grigne Skymarathon mendi lasterketa jokatu da gaur Italian, Lombardiako Pasturo herrian, eta Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra laugarren sailkatu da nesketan. Azkorbebeitiak 6.43.09ko denbora behar izan du 42 kilometro eta 3.600 metro positiboko desnibela dituen proba hau amaitzeko. 

 Korrikalariek Grigneta mendia (2.177 m.) eta Grignone mendia (2.410 m.) igo dituzte ibilbidean. Azkorbebeitiak hirugarren postuan igaro ditu mendi bietako tontorrak, baina zortzi kilometroren faltan postu bat galdu du, jaitsieran. Pozik agertu da bizi duen esperientziagaz. "Inoiz egin dudan lasterketarik teknikoena eta alpinoena izan da eta pozarren nago antolakuntzakoek proba laburtu ez izanagaz, horretarako zalantzak izan badituzte ere eguraldiaren iragarpena zela eta. Abentura ederra izan da hemengo via ferratak egitea, kate bati helduta igotzea eta bajatzea, buruan kaskoa ipinita bederatzi bat kilometro egitea... Lasterketa desberdina izan da, bideo irudiak ikusita bakarrik benetako beldurra ematen duenetarikoa", esan du korrikalari abadiñarrak.

Nesketan Hillary Gerardi korrikalari estatubatuarra zen faborito nagusia lasterketa irabazteko, eta ez du hutsik egin. Alde handiagaz irabazi du. Bere denbora: 6.12.05. Ainara Urrutia Euskal Selekzioko korrikalari aretxabaletarra sailkatu da bigarren (6.36.41), eta Kalie Mccrystal kanadarra hirugarren (6.37.46).

Mutiletan Louison Coiffet korrikalari frantziar gazteak irabazi du (4.54.15).

400 bat korrikalarik parte hartu dute Skyrunner World Series Munduko Koparako puntuagarria den proba honetan. Kopako finala urriaren 28an izango da, Italian, eta oraingoz Durangaldeko korrikalari bik lortu dute finalerako sailkatzea: Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak eta Aitor Ajuria otxandiarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!