Abadiñon kadete mailara arteko mahai-tenis txapelketa jokatuko dute zapatuan

Joseba Derteano 2023ko ira. 15a, 10:42

Abadiñoko Mahai-Tenis Klubak eta Bizkaiko Mahai-Tenis Federazioak Bizkaiko lehenengo Iparraldeko Challenger Juniorra antolatu dute zapatu honetarako.

 Gazte mailako txapelketa da eta benjamin, kimu, haur eta kadete kategorietan zentratuko da. Guztira, 130 kirolari batuko dira Traña-Matienako frontoian eta erabilera anitzeko pabiloian, 10:00etan, eta egun osoan zehar arituko dira. Euskadiko, Nafarroako, Aragoiko, Gaztela eta Leongo, Errioxako eta Kantabriako neska-mutilek parte hartuko dute, besteak beste.

Lehiaketaren helburu nagusia Iparraldeko klub eta federazioen artean elkarlanean aritzea da, jokalariek euren federazioetatik kanpoko beste kirolari batzuekin sarriago lehiatzeko aukera izan dezaten. Lehen Challenger ekitaldiak Burgosen, Santanderren, Iruñean, Avilesen, Irunen eta Donostian egin dira, eta 80 bat jokalarik parte hartu dute, batez beste. Zapatu honetan Abadiñok hartuko du lekukoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!