Jose Aguilerak Mont Blanc ultratraila amaitzea lortu du bere lehenengo parte hartzean

Anboto 2023ko ira. 5a, 11:55
Jose Aguilera Mont Blanc ultratrailean.

Jose Aguilera Dominguezek Mont Blanc ultratraila (UTMB) amaitzea lortu du, 171 kilometro eta 9.963 metroko desnibel positibo dituen proba prestigiotsua.

Aurrerantzean Mont Blanc ultratraileko 'finisher'-a dela esateko moduan dago Jose Aguilera Dominguez (Euba, Abadiñon bizi da, 48 urte). Lehenengoz parte hartu du Chamonixeko —Frantziar Alpeak— proba mitikoan. Horixe zuen denboraldiko erronka nagusia. Bere denbora, honako hau: 37 ordu 21 minutu eta 02 segundo. 

Orain 20 bat urte lasterketak lehiatzen hasi zenetik makina bat probatan parte hartu du, baina iaz arte ehun milako distantzia probatu barik zegoen. "Distantzia horrek errespetu handia ematen zidan, baina iaz kapaz sentitu nintzen eta saiatzera animatu nintzen", gogoratu du. Val d'Araneko ultratrailean (163 km) izan zen. "Amets" bat zuen, UTMBrako zozketan sartu ahal izateko adina puntu batzea, eta helburua bete zuen. Orduan lorturiko zortzi puntuei eskerrak sartu zen Mont Blancerako zozketan. Harrezkero, hainbat proba luzetan parte hartu du, prestaketa modura; aurten, bost ultra trailetan. "Urtea nahiko potentea izan da. Bermeekin joan gura nuen UTMBra".

Lesiorik ez, lorik ere ez

Egindako lanagaz "gustura" eta "pozik" dago. "Dena nahiko ondo irten da. 171 kilometrotan gauza asko gertatu daiteke eta ez dut kalanbrerik edo lesiorik izan", adierazi du. Hain proba luzean, etzan, begiak itxi eta gorputzari atseden apur bat emateko guneak ahalbidetzen ditu antolakuntzak, baina Aguilerak ez ditu erabili. Lorik egin barik osatu du ibilbidea. "Txandaka lan egiten dut eta ohituta nago gauetan lorik ez egitera. Alde horretatik, abantaila txiki bat dut. Logurea izan dut, baina ondo eutsi diot", argitu du.

Joseba Murgoitio TDS proban

UTMBa hainbat probak osatzen dute. Prestigiotsuena Aguilerak parte hartu duena da, baina beste hainbat dago, denak gogorrak. TDS izenekoan (143 km) Joseba Murgoitio Lizundia abadiñarra aritu da eta proba 47. tokian amaitzea lortu du. Bere denbora, honako hau: 25 ordu 25 minutu eta 17 segundo.

Aguilera bere emazteagaz eta alaba biekin. Lasterketatik haratago familia bidaia bat izan dela dio: ingurua ezagutu, bertako gastronomia probatu…

Aguilera helmugara heldu zen unea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!