Igor Urienek erakustaldia eman du euripean, Dimako igoeran

Anboto 2023ko ira. 4a, 13:09

Igor Urien Dimako igoeran. (Argazkia: Javier Alonso)

Bera baino kategoria altuagoan dabiltzan autoak mendean hartu eta igoerako denborarik onena markatu du.

Joan zen zapatuan Dimako igoera lehiatu zuten, Euskal Herriko Igoeren Txapelketako bosgarren hitzordua. Turismoetan Igor Urien izan zen onena, Citroen AX baten karrozeria duen prototipoaren bolantean. Abadiñarraren garaipena ez da nobedadea: denboraldi honetan maila horretan lortzen duen laugarren garaipena da —San Cosme, Opakua, Aia eta Dima— eta sailkapen orokorrean lider sendoa da amaitzeko lasterketa biren faltan: Jaizkibel eta Urrakiko igoerak. Nobedadea beste datu batean dago, ez ohikoa delako: Urienek barquettek eta formulek baino denbora hobea egin zuen, prestazioetan alde handia dagoen arren.

Sorpresa hori euriagatik izan zen posible. Zuzenguneetan galtzen zuen denbora igoeretako bihurguneetan irabazi zuen, beste inork baino hobeto 'irakurri' zuelako errepidearen egoera, bai euripean eta baita errepidea lehortzen ari zela, noraino arriskatu baloratzea oso gatxa zen baldintzetan. Ondo ezagutzen duen igoeran "gustura eta eroso" sentitu zela adierazi du abadiñarrak.

Aurten arte lasterketa solteetan parte hartu izan du. Aurtengoa da egutegi osoa egiten ari den lehenengo aldia. Lanak ahalbidetzen badio, falta diren lasterketa bietan parte hartu eta bere mailan txapelketa irabaztea du helburu.

Podiumeko irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!