Gisatu herrikoia, erromeria eta jubilatuen bazkaria Abadiñoko errogatiba egunean

Anboto 2023ko uzt. 19a, 13:07

Abuztuaren 26an errogatiba eguna ospatuko dute Abadiñon. San Rokeren irudia Andra Mariko ermitatik Urkiolara eramango dute.

Abuztuko azken zapatuan, hilaren 26an, errogatiba eguna egingo dute Abadiñon. Andra Mariko ermitatik hasita, San Rokeren irudia aldean, Urkiolara egingo dute erromesaldia. Bertan, herriko jubilatuek bazkari herrikoia izango dute. Udalak autobus zerbitzua ipini du horretarako. Autobusak 10:20an irtengo du Muntsaratzetik. Zelaietan eta Traña-Matienan geldialdiak egin ostean Urkiolarako bidea hartko du. Erretiratuen bazkaria 14:00etan izango da. Bertan parte hartu gura dutenek Traña-Matienako udal bulegoan (uztailaren 21era arte), Errotan (uztailaren 28ra arte) edo Mediatekan (abuztuaren 4ra arte) eman beharko dute izena. Bazkariak 10 euro balioko ditu eta banketxe zerbitzuen bidez ordaindu beharko da.

Jaia Gaztañodian

Iluntzean berriz, gisatu herrikoia egingo dute Gaztañodi parkean. Txartelak euro batean ipiniko dituzte salgai Errotan eta Mediatekan. Baturiko dirua Elikagaien Bankuarentzat izango da. Ondoren, erromeria izango dute. Euria balitz, ekintzok probalekuan egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!