“Gainberotzeak dira hamabost edo hogei urteko autoen kasuetan buruko minik handienak”

Anboto 2023ko uzt. 11a, 08:30

Durangotik Traña-Matienara bidean, auzoaren sarreraren eskuma aldera beti dago mugimendua. Berdin dio asteko zein egun den. Miguel Ángel Cubero Pérez (Abadiño, 1966) Garaje Migueleko burua da, eta pertsona ugarik eramaten du bere autoa bertara konpontzera edo errebisioa egitera. Uda garaia hasi da, baina urte osoa lan askogaz daramatela dio Cuberok.

Mugimendu handia dago garajean. Igarri da uda etorri dela?
Gaur egun ez da orain dela hogei urteko moduan igartzen uda sasoia. Lehen, jendeak urtean behin ekartzen zuen autoa garajera, eta egin beharrekoa uda hasieran egiteko aprobetxatzen zuten. Oraingo autoen mantentze-lanak geroago egiten dira; 30.000 km edo urte bi irauten dute gehienek. Igarri dugu askok IATa (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) pasatu aurretik ekartzen dutela autoa, eta bezeroak urte osoan baditugu ere gehienak uda sasoian etortzen dira.

Oporretan joan aurretik, behar den moduan egiten ditugu autoetako doikuntzak? 
Egungo autoetan ezin da gauza asko ikutu. Bidaia bat egin aurretik begiratu beharreko gauza bakarra erroberen presioa eta galgako likidoa kontrolatuta edukitzea da, eta, motorrari dagokionez, likido hozgarria eta izotz-kontrakoak behar diren moduan egotea.

Ondo zaintzen dugu autoa?
Orokorrean, bai. Kontuan izan behar dugu auto moten katalogoa oso zabala dela orain: elektrikoak, hibridoak, diesel autoak, gasolina autoak… eta erosleak ez daki ondo zer erosi; beraz, auto zaharraren bizitza luzatzea erabakitzen du. Guk lan mordoa izan dugu azken urtean, eta horregaitik da, IAT azterketak direla batetik, matxurak bestetik…

Autoak zaharragoak badira, matxuratzeko arrisku handiagoa dago?
Tira, bakoitzaren araberakoa da. Oso ondo zaindutako auto zaharrak daude. Normalean, jendeak ondo zaintzen du bere ibilgailua. Beharbada auto zaharrek izan dezaketen matxurarik handiena enbragearena izan daiteke. Urteen poderioz higatzen doa eta konponketaren kostua handia izan daiteke.

Oporretarako auto bat alokatu dezakegu.
Baina ez gaude ohituta. Ikusten gabiltzana da geroago eta erosle partikular gehiagok hainbat hilabetetarako edo zenbait urtetarako alokatzen duela autoa; ‘renting’ edo ‘leasing’ deitzen dira formula horiek. Eta hori egiten dute ez dakigulako etorkizunean zer muga ekologiko izango ditugun autoetan, hau da, zer auto motek izango duten baimena errepidean mugitzeko.

Zein izan daiteke hamabost bat urte dituzten autoen arazo nagusia?
Gainberotzeak dira hamabost edo hogei urteko autoen kasuetan buruko minik handienak. Sistemako hodiak degradatzen doaz, hodi horiek kautxoz eta halako materialez eginda daude eta seigarren urtetik aurrera goma gogortu egiten da.

Eta zelan kontrolatu dezakegu hori?
Uraren tenperatura kontrolatu beharra dago, horixe da zaindu behar den gauzarik garrantzitsuena. Badaude beste gauza batzuk ere: izotz-kontrakoa urtean behin edo birritan aldatzea komeni da, aldatu ezean ur bihurtzen da eta sistema hondatu dezake.

Badago zer edo zer begiratu beharko genukeena eta inoiz ikusten ez duguna?
Indargetzailea. Inork ere ez dio begiratzen, eta urteekin higatu egiten da. Izan ere, gidaria autora moldatzen da, bere mugimenduetara ohitzen da. Baina autoek bihurguneetan izan dezaketen mugimenduetan asko igartzen da, eta zaindu beharrekoa da.

Beraz, bidaia bat hasi aurretik zer begiratu behar dugu?
Gurpilak, presioa, kanpoaldea zein barrualdea ondo eta degradazio gutxigaz daudela begiratu; autoko nibelak eta ura. Horiek begiratu behar dira.

Abiadurak zerikusirik izan dezake?
Ez da gauza bera 120km/h-ra joatea edo 100km/h-ra eta galga sakatu behar izatea. Autoaren abiadura moteltzeko, distantzia handiagoa behar da 120ra bazoaz. Baina bidaia arrunt batean dena ondo badoa, ez luke eragin behar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!