Abadiñon hiru dolu egun egingo dituzte, Muntsaratzen hildako adin txikikoaren omenez. Atzo hil zen 10 urteko mutikoa errekan itota.
Udaletxean banderak haga erdian egongo dira gaurtik, "dolua, errespetua eta familiarenganako elkartasuna" adierazteko, udal arduradunek azaldu dutenez. Era berean, elkarretaratze isila deitu dute biharko, uztailaren 4rako, 12:00etan, udaletxearen aurrean. Minutu bateko isilunea egingo dute.
Aberriratze gastuei aurre egingo die udalak
Gaur bildu den udaleko Bozeroale Batzordearen erabakiz, datozen orduetan Senegaldik Abadiñora etorriko den adingabearen aitaren bidaia ordainduko du Abadiñoko Udalak. Era berean, umearen gorpua Senegalera, bere bizilekura, aberriratzeko gastuak ere hartuko ditu bere gain udalak.
Udal arduradunak ezbeharra izan zen tokira gerturatu ziren atzo, familiari laguntza eskainiz. Egote-gune bat egokitu zuten eta laguntza psikologikoa eman zieten, ohar batean azaldu dutenez: "Familiarekin eta Abadiñoko komunitate senegaldarrarekin egoteko unea da, oso trantze gogorrean babesteko garaia. Atzo eurekin izan ginen, eta kolpe latz eta ustekabekoa ahal den neurrian arintzeko hartu ditugu erabaki hauek”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.