Tourra Durangaldean

“Tourraren moduko lasterketa bat Euskal Herrira bueltatzea pozgarria da”

Anboto 2023ko eka. 30a, 09:08

Tourraren zurrunbiloan murgilduta dabil David Etxebarria txirrindulari ohia. Atzo Tourraren aurkezpenean egon zen eta bihartik aurrera Euskal Herriko lasterketak zuzenean jarraitzeko asmoa du zazpi aldiz Tourreko partaide izan den eta munduko lasterketarik garrantzitsuenetarikoan etapa garaipen bi dituen abadiñarrak. 

Tourra Euskal Herritik hasiko da, bihar. Zelan bizi dituzu lasterketa hasi orduko ordu hauek?
Ilusio bereziagaz bizi ditut, baita konpromiso handiagaz ere. Eusko Jaurlaritzatik hainbat kontutarako deitu didate, baita irrati eta egunkarietatik ere, eta, egia esan, hau guzti hau polita izaten ari da. Gainera, jakinda orain 16 urte utzi nuela bizikleta polita da oraindino nitaz gogoratzen direla ikustea.

Zuretzat zer suposatzen du Tourra Euskal Herrian hastea?
Niretzat pozgarria da Tourraren moduko lasterketa bat berriro ere Euskal Herrira bueltatzea eta hori bizi ahal izatea. Gainera, oraingoan bertatik irtengo da eta hiru etapaz gozatzeko aukera izango dugu. Lehenengo etapa Bizkaia aldetik ibiliko da, gero Arabara doa eta astelehenean Zornotzatik Gipuzkoa igaro eta Baionarantz. Horrez gainera, nire kasuan lez, esango nuke txirrindularitza maite duen orori ilusio berezia egingo diola jakiteak euskal txirrindulariak lehenengo etapa irabazteko borrokan ibili daitezkeela. Peio Bilbao etaparen borroka horretan ikusten dut eta polita litzateke Bilbon bera horiz jantzita ikustea.

Zelan jarraituko dituzu Euskal Herriko hiru etapa hauek?
Orain Arteagan bizi naiz eta lehenengo etapa etxe ondotik igarotzen da. Orduan, Laga Laida ingurura joango naiz bizikletan, eta bertatik igarotzen ikusiko ditut txirrindulariak. Horren ondoren, etapa amaiera etxean ikusiko dut seguruenik, telebistan. Eta Zornotzako etapa ikusteko, irteerara joango gara eta bertan ikusiko dugu. Lasterketa honek mugitzen duena izugarria da, zirku bat da, eta, beraz, egingo dugu zerbait. 

Tourra Euskal Herrian, munduko zalerik onenen artean. Hori izugarria izan behar da.
Ez daukat dudarik berezia izango dena. Nik ez dut horrelakorik bizi izan, baina badakit izugarria izango dena. Ikustea besterik ez dago Pirinioak euskal zalez zelan betetzen diren. Beraz, hemengoa itzela izango da. Euskal Herriko zaleak munduko onenetarikoak dira eta hori errepidean igartzen da eta igarriko da.

Azken urteotan hainbat izan dira desagerturiko lasterketak. Uste duzu honek bultzada bat emango diola txirrindularitzari?
Alde batetik, gaztetxoak txirrindularitzara zaletu daitezkeela uste dut. Azken batean, bertatik bertara ikusiko dituzte-eta munduko txirrindularirik onenak. Baina antolakuntza aldetik bultzada hori sentitzea oso gatx ikusten dut. Azkenean, gobernuak diru asko inbertitu du lasterketa honetarako, Euskal Herria munduan ezagutarazteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!