Tourra Durangaldean

“Aste bian kanpotik ibili naiz eta bueltan denak Tourrari buruz berbetan dabiltza”

Anboto 2023ko eka. 30a, 09:08

Eneritz Iturriaga Durangaldeak eman duen txirrindularirik onenetarikoa da. Bere sasoian hainbat bider parte hartu zuen Frantziako Tourrean, eta euretariko baten hirugarren amaitu zuen. Oraingoan, Radio Euskadirako eta ETBrako komentarista lanak egingo ditu. 

Tourreko Euskal Herriko etapak modu berezian biziko dituzu?
Bai. Ez nuen pentsatuko une hauek biziko genituenik. Imajinatzen dut sukaldeko lan handia dagoela honen guztiaren atzetik. Aste bian kanpotik ibili naiz, lanean, eta hona bueltan denak Tourrari buruz berbetan dabiltza. Ikusmina sumatzen dut jendearengan. Gure inguruan inpaktu handia eragingo duela uste dut.

Domekan Zornotzan izango zara?
Eguenetik astelehenera Radio Euskadirentzat eta ETBrentzat komentarista lanak egingo ditut; beraz, Euskal Herriko etapa guztietan egongo gara. 

Hamarkada bat joan da txirrindulari izateari utzi zenionetik. Orduko kontuei buruz gehiago gogoratzen zara egunotan, Tourra denen ahotan dabilenean?
Batez ere, hauxe da burura etorri zaidana: "Zenbat Tour korritu genituen guk eta inor ere ez zen enteratu". Esaterako, 2001ean Bilbon hasi zen emakumeen Tourra. Orduan bizitakoak ez dauka zerikusirik gaur egun bizitzen ari garenagaz. Bestelakoan, nire sasoiko oroitzapenak ere etortzen zaizkit burura, jakina. Beste eskala batean bizi arren, azken finean berdina da. Hautacam, Tourmalet… horiek denak igotakoa naiz. Baina ez dut horren falta igartzen, ze badakit zenbat sufritu nuen. Prestakuntza ikaragarria eskatzen du. Bizikleta utzi nuen momentutik bertatik, ez dut berriro bizikleta hartzeko gogo hori izan. Oso pozik nago txirrindulari nintzela egindako lanagaz, eta, utzi nuenean, ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera izan zen. Aurrera begira bizi naiz, aurretik ditudan proiektuetan eta erronketan dut burua. 

Azken urteetan lasterketak galtzen joan gara: Udaberriko klasikoa Zornotzan, Urkiolako Igoera… Arlo hori berpizteko balio dezake Tourraren bultzadak? 
Gakoa borondate politikoan dago. Aldundiaren eta Jaurlaritzaren aldetik apustu sendoa eskatzen du, lasterketa antolatzeak diru asko eskatzen duelako. Eta jende askoren lana. 

Zenbat bider parte hartu zenuen Tourrean? 
Sei bider, guztira. Grande Boucle deitzen zenean, hiru bider, 2001etik 2003ra. Hamabost eguneko itzulia zen orduan. Ondoren, hori desagertu eta La Route de France sortu zuten, eta hor beste hirutan aritu nintzen, 2007tik 2009ra.

Grande Boucle bederatzigarren amaitutakoa zara eta La Route de France hirugarren. Horiek izan ziren zure Tourrik onenak?
Emaitza aldetik bai, baina sasoi puntuaren aldetik… Azken postuak ibilbidearen araberakoak dira. Tourmalet eta horrelako mendateak zeudenean denbora dezente galtzen nuen. Baina goi-mendate gutxi eta erdi mailako asko bazeuden, orduan ondo ibiltzen nintzen. Trebea nintzen, beti ihes eginda nenbilen. Hirugarren amaitu nuen urtean, ihesaldi batean hainbat minutu hartu nuen. Gero, aldeari eutsi eta hirugarren amaitu nuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!