Durangaldeko LGTBI+ komunitateko kideak Traña-Matienan batu dira Harrotasunaren Eguneko aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko. Abadiñoko herritarrez gainera, eskualdeko gainerako herrietatik joandako kideak izan dira mobilizazioan. Bertan izan dira, besteak beste, Kuir Eztanda kolektiboko kideak.
Auzoko kaleak musikaz eta askotariko ikurrak soinean zeharkatu ondoren, Pino plazan irakurri dute bukaerako mezua. “Eskuin muturra eta faxismoa oldartzen” dabiltzala eta, elkar antolatzeko deia egin dute herririk herri eta eskualde mailan. “Zisheteroaraua apurtzera” deitu dute, eta gogoan izan dituzte sexualitatea libreki bizi ezin duten herrikideak: “ez zaude bakarrik; hemen gaude elkar laguntzeko”, esan dute. Testuan zehar, Saioa Alkaiza bertsolari nafarraren esanak izan dituzte gogoan: “queer, bisexual, trans, marika ala bollera, mundua ederragoa da begiratuz bazterrera”. Txalo artean eta perkusio doinuekin eman diote bukaera manifestazioari.