Oihana Azkorbebeitia bigarren eta Larraitz Aragón zazpigarren Ultra Skyrunning Madeira mendi lasterketan

Anboto 2023ko eka. 17a, 21:41
Oihana Azkorbebeitia eta Larraitz Aragón, lasterketa amaitu eta gero.

Eskualdeko korrikalari biak Munduko Kopako finalera sailkatu dira.

Sky World Serieseko Munduko Koparen egutegiko laugarren lasterketa jokatu da gaur Portugalen, Madeira uhartean: Ultra Skyrunning Madeira. Zirkuituko lasterketarik luzeena da —45 kilometro eta 3.600 metroko desnibel posiboa ditu— eta bertan Durangaldeko korrikalari bi izan dira, emakumezkoak biak: Oihana Azkorbebeitia abadiñarra eta Larraitz Aragón durangarra. Biak lehenengo hamarren barruan helmugaratu dira , Azkorbebeitia bigarren (6.25.01) eta Aragón zazpigarren (7.18.51). Sailkapen horri eskerrak (hamarren barruan egiteagaitik) urrian Kopako finala izango den Limone Skyrunning Xtreme probarako sailkatu dira. Beraz, oraingoz eskualdeko hiru korrikalarik dute finaletan parte hartzeko aukera, Otxandioko Aitor Ajuria ere sailkatu zen-eta, Koparako puntuagarria den Skyrace des Matheysins lasterketan (Frantzia) zazpigarren sailkatuta.

Madeirako lasterketan, Azkorbebeitia lehenengo lauren artean joan da denbora guztian, baina erritmoa hartzen kostatu zaiola azpimarratu du: "Hasieran, hamabosgarren kilometroraino-edo, ez naiz oso eroso ibili. Hezetasun handia egon da eta igarri egin dut, baina kilometroak egin ahala hobetotxo sentitu naiz". Lasterketako punturik garaienean, Pico Ruivo mendian (1.862 m), 13. kilometro inguruan, hirugarren igaro da bertako aterpetxe ondotik, eta 32. kilometro inguruan bigarrena aurreratu du, Euskal Selekzioko Ainara Urrutia aretxabaletarra. Hortik aurrera, bigarren postu horri eutsi dio amaieraraino. 

Ibilbideari dagokionez, amaierako kilometroak oso gogorrak egin zaizkiola nabarmendu du: "Lasterketako bigarren zatia lehenengoa baino askoz ere gogorragoa izan da eta astindu ederra hartuta ailegatu naiz helmugarara. Hori bai, ibilbidea ikusgarria izan da, baso ederrak zeharkatu ditugu, eta, harrigarria bada ere, errekan gora luzaroan ibili gara, harri artean plisti-plasta, 300 bat metroan. Ematen zuen ez genuela uretatik urten behar. Baina asko gozatu dut eta, gainera, Limoneko finalean egongo naiz. Beti da polita finaletan parte hartzea".

Euskal Selekzioko Larraitz Aragón korrikalari durangarra ere ur gaineko bitsetan dago egin duen lasterketagaz. Zortzigarren joatetik seigarren joatera ere pasatu da, baina azkenean postu bat galdu eta zazpigarren helmugaratu da. "Pozarren nago gaurko lasterketagaz. Lehenengo zatian, parte teknikoan, gustura joan naiz, oraindino eguzkiak ez zuen askorik berotzen eta. Gero heldu dira komeriak, lasterketa erditik aurrera. Jaitsiera luze-luze bat izan dugu, eta horraino nahiko ondo, baina itsaso mailara heldurikoan bero handia egiten zuen, eta hezetasun handia  zegoen. Halakoetan ez naiz hain ondo ibiltzen". 

Ibilbideari buruz, Azkorbebeitiak esandakoaren antzekoa azpimarratu du: "Ez gara aspertu, denetik izan dugu eta: mendia, basoa, eta baita erreka ere. Inoiz gurutzatu dut lasterketan errekaren bat, baina gaurkoa hori baino gehiago izan da, tarte luzea egin dugu-eta uretan.

Korrikalari durangarrak adierazi duenez, ez zuen itxaroten hain aurrean amaitzea sailkapenean: "Gustuko distantzia dut hau, baina Munduko Kopa izatera ez nuen uste halako emaitza lortuko nuela. Honek atea zabaldu dit Italian jokatuko den finalean parte hartzeko, baina seguruenik ezin izango naiz joan, sasoi horretan Osakidetzako oposaketak buru-belarri prestatzen egongo naiz eta". 

Arc'Teryx taldeko Emma Cook Clarke korrikalari kanadarrak irabazi du lasterketa emakumeetan (6.12.17). Hasieratik amaieraraino nagusitu da. Bigarren, esandakoaren moduan, Oihana Azkorbebeitia sailkatu da, eta Euskal Selekzioko Ainara Urrutia aretxabaletarrak osatu du podiuma (6.29.29). Dynafit taldeko Rea Kolbl arineketalari estatubatuarra izan da laugarrena (6.43.58), eta Scott taldeko Jessica Campbell zeelandaberritarra bosgarrena (7.02.34). Gizonetan, Scarpa taldeko Antonio Martínez korrikalari espainiarra nagusitu da (5.05.00).

Argazkian, Oihana Azkorbebeitia, Emma Cook Clarke eta Ainara Urrutia, lehenengo hiru sailkatuak. Argazkiaren egilea: Brian Sharp.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!