Maiatzaren 28ko hauteskundeetatik hona galdera bolo-bolo ibili da abadiñarren ahotan: "Zer gertatuko da udaletxean? Ze alintza egongo dira?". Aste hauetan zehar bateko zein besteko talde politikoek hainbat bilera eta negoziaketa egin dute. Eta zalantza horiek guztiak atzo iluntzean argitu ziren. EH Bilduk jakitera eman zuen Abadiñoko Independente Berriak taldeagaz gobernu akordioa sinatu zuela. Gaur eguerdian egindako bilkuran akordio hori berretsi egin da, eta independenteek talde subiranistako alkategaiari eman diote bozka.
Lehen aldia da EH Bildu Abadiñoko alkatetzara heltzen dela. Mikel Urrutia hautagaia 2015eko eta 2019ko hauteskundeetan ahalegindu da agintea lotzen, baina ahalegin horrek hiru saiakeraren ostean gaur ikusi du argia. EH Bilduk eta Abadiñoko Independente berriek sinaturiko gobernu akordioak alkatetza ahalbidetu dio Urrutiari. "Eskerrik asko denori, ez dugu hau inoiz ahaztuko. Gobernantza eredu bati ekiteko momentua heldu da. Guretzat ohore bat da konpromiso hori hartzea. Alkate izendatu nauzue eta egingo dugu lan Abadiñoko herritar guztientzat. Eskerrak baita ere, Edurneri eta Jose Luisi", azaldu du Mikel Urrutiak.
EAJko lau zinegotziek, berriz, Mikel Garaizabali eman diote bozka eta PSE-EEko Javier Crespok bere buruari.