“Azala zaintzeko eta melanomaren arriskuaz ohartarazteko kanpainak egiten dira eta jendea sentsibilizatuta dago”

Jone Guenetxea 2023ko eka. 12a, 09:39

Leire López de Aretxaga

Uda sasoian, tenperaturaren igoeragaz batera, eguzkitan egoten gara ordu askoan, eta, kontuz ibili ezik, ohikoa izaten da erredurak sortzea aurpegian zein gorputzean. Azken urteetan eguzkiaren arriskuen inguruan geroago eta sentsibilizazio handiagoa badugu ere, ondo etortzen da aditu bategaz oinarrizko irizpideak errepasatzea. Leire López de Aretxaga (Bergara, 1970) Abadiñoko Zelaieta auzoko farmaziako arduraduna da.

Eguzkitako krema batek zein ezaugarri izan behar ditu?
Lehenengo eta behin, eguzkitik ondo babestea eta gorputzerako txarra ez izatea. Gainera, ondo aplikatzeko erraza izatea komeni da; bestela, ez dugu ondo ematen eta. 

Zenbat krema kopuru eman behar da?
Produktuak ondo estali behar du azala. Aurpegirako, esate baterako, bi atzarretan krema ilara bana ipini beharko litzateke eta gero aurpegian ondo zabaldu.

Zenbatero komeni da ematea?
Krema ordu biro ematea komeni da. Produktu batzuetan ipintzen du uretan ere mantentzen direla, baina uretatik irteterakoan nik berriro emango nuke, badaezpada.

Zer esan gura du babes faktoreak? Hainbat zenbaki egoten da.
Eguzkitik zenbat babesten zaituen adierazten du, eta zenbat denboran egon zaitezkeen eguzkitan erre barik. Farmaziara datorren jendeak  50ekoa eramaten du gehienetan. Eguzkitarako babesa farmazian erosten dutenek askotan arazoren bat izaten dute eta, oso ondo babestu gura dutenez, babes faktorerik handienekoa eramaten dute.

Kremetatik aparte, badago beste produkturen bat eguzkitik babesteko?
Bai, betakarotenoa duten kapsulak ere badaude. Kapsula horiek ez dute eguzkitik babesten. Eguzkia hartzen denean azala hobeto mantentzeko dira. Nahiz eta kapsula hauek hartu, eguzkitako krema eman behar da.

Orain dela urte bi zabaldu genuen eguzkitako krema poteak balio digu aurten ere?
Zabalik badago, ez. Ontzian bertan ipintzen duen moduan, behin zabalduta normalean sei hilabete irauten dute. Eguzkitako krema  hondartzara eramaten dugu gehienetan, eta han oso tenperatura altua hartzen duenez hondatu egiten da. Ontzia zabaldu barik badago, iraungitze datari begiratu behar zaio.

Eguzkitik egun eguzkitsuetan bakarrik babestu behar gara?
Lainotuta dagoenean ere  komeni da krema ematea. Eguzki izpiek lainoak zeharkatzen dituzte, eta urte osoan eman beharko litzateke.

Umeen kasuan, bereziki babestu behar dira?
Bi filtro desberdinetako eguzkitako kremak daude. Krema batzuek filtro fisikoak dituzte, eta beste batzuek filtro kimikoak. Fisikoa azalean geratzen da eta eguzki izpiek errebotatu egiten dute. Horiek dira ume txikientzat gomendatzen direnak, 6 hilabetetik aurrera. Lehenago ez da komeni umeak eguzkitan ipintzea. Kremak barrera bat egiten du. Normalean, igartzen da krema zuria emanda dagoela azalean. Ondo ikusten duzu non ematen ari zaren.

Eguzkitara joan baino zenbat denbora lehenago eman behar da krema?
Filtro kimikoa dutenak azalean sartu behar dira eta ordu erdi lehenago eman behar dira, eta filtro fisikodunak momentuan bertan hasten dira efektua egiten.

Kremak aplikatzeko aukera asko dago orain.
Bai, baina kontuz ibili behar da, sprai batzuekin zaila delako jakiten non eta zenbat ematen ari garen. Praktikoak dira, baina ondo eman behar dira.

Eta erretzen bagara, zer egin?
Badaude erredurentzako produktuak, azala hidratatzeko, erreduragaz ura galtzen da eta.

Azken urteetan sentsibilizazio handiagoa dago gai honegaz?
Azala zaintzeko eta melanomaren arriskuaz ohartarazteko kanpainak egiten dira eta jendea sentsibilizatuta dago, farmaziara etortzen den jendea bai behintzat. Geroago eta azaleko minbizi gehiago detektatzen da eta jendeak badu ardura hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!