"Iaz jaialdiak izandako harreragaz oso pozik gaude. Haztea gura dugu, baina uste dugu, urratsez urrats egin behar dugula. Aurten programazioa indartzen saiatu gara. Horrela, Alemaniatik Primal Fear etorriko dira, eta estatu mailan puntako taldeak diren Angelus Apatrida eta El Altar del holocausto baita ere", azaldu du Correak. Horiez gainera, Durangaldeko bi taldeak ere azpimarratu ditu, Sweet Rage eta Blackhearth. "Tokiko taldeen aldeko apustua indartu gura dugu".
Mikel Garaizabal jarduneko alkatea ere pozik agertu da iazko arrakastagaz. "Iazko arrakasta, eta aurtengo edizioa ikusita, ekimena errotzen ari dela ikusi daiteke", esan du. Elkarlana, eta Abadiñon izango duen eragin ekonomiko positiboa nabarmendu du Argi Abad kultura eta gazteria zinegotziak (jardunean). "Edozein duda agertu den bakoitzean, konponbidea bizkor topatzen saiatu gara; Abadiñoko taberna eta komertzioetan eragin positiboa izango du ekimenak", azaldu du. Hiru ordezkariek, urte osoan zehar egindako lana nabarmendu dute, baita aurrera begirako erronkak zeintzuk diren zehaztu dute. Horrela, aurtengo berrikuntzen artean puntu morea, eta irisgarritasun azpiegiturak nabarmendu dituzte, besteak beste.
Ordutegia
- 16:30ean, ateen irekiera
- 17:30ean, Blackhearth
- 18:30ean, Sweet Rage
- 19:30ean, Mosh
- 21:00etan, El altar del Holocausto
- 22:30ean, Primal Fear
- 00:30ean Angelus Apatrida
Aurrejaiagaz, pozik
Maitzaren 27an Koba Sessions jaialdia egin zuten Durangoko Plateruena kultur aterpean, Koba Live jaialdiari begira giroa berotzeko. Correa pozik agertu da ekimenak izandako harreragaz. "Egia da arazo bat eduki genuela tabernako barragaz, baina bestela, oso ondo egon zen; musikariek eta musikazaleek giroa eta jasotako tratua nabarmendu zituzten. Koba Live jaialdiak hazten jarraitzeko oso baliagarria izan da, eta balorazioa positiboa da", azaldu du.