Datorren martitzenean, ekainak 13, San Antonio azoka ospatuko dute Urkiolan. Udaletik jakitera eman dutenez, azokan 30 bat artisau eta 150 abelburu egongo dira. Azoka 10:00etatik 15:00etara izango da, eta trikitilari talde batek jai-eremua girotuko du. Gainera, bertsolariak ere egongo dira, Angel Mari Peñagarikano eta Julio Soto. San Antonio eguneko egitaraua ohiko mezekin osatuko da.
Hilaren 18an, berriz, errepikapen jaia ospatuko dute. Egun honetan ere, nekazaritzako produktuen azoka egongo da berriro. 12:45etik aurrera herri kirol erakustaldia izango da. Bertan Hodei Ezpeletak, Eneko Otañok, Karmele Gisasolak, Nerea Egurrolak eta Karlos Aretxabaletak parte hartuko dute.
"Jendea jaiegun honetaz eta Urkiolako Parke Naturalaren aberastasun naturalaz gozatzera eta gure lehen sektoreari euren presentziaren bidez laguntzera animatu gura dugu", azaldu du Mikel Garaizabal jarduneko alkateak.