Abadiñon egingo den Koba Live jaialdiaren aurkezpena egingo dute Plateruenean

Anboto 2023ko mai. 26a, 12:00

Zapatuan, hilak 27, Durangaldeko metalzaleek hitzordua dute Plateruena kultur aterpean.

Bost taldek kontzertua joko dute bertan; tartean, Ikarass eta The Kraven talde durangarrek. Bigarren lan luzea izango denaren konposizio lanetan murgilduta daude lehenengoak; bestalde, bigarrenak, urte batzuetako geldialdiaren ostean martxa hartu eta kontzertuak ematen dabiltza azken hileetan. Hain zuzen ere, hamalau urteko geldialdiaren ostean jo zuten aro berriko lehenengo kontzertua, iaz egin zen Koba Live jaialdian. 

Talde bi horiekin batera, A.D, Bullets of Misery eta Rise To Fall taldeak arituko dira. Azken hauek izango dira kartelburuak. Talde bizkaitarra 2006an sortu zen, eta ordutik ehunka kontzertutik gora jo dituzte. 18:00etan hasiko da jaialdia, eta sarrerak leihatilan bertan erosi ahalko dira. 

Ekainaren 24an, Abadiñon
Aurtengoa, Koba Live musika jaialdia egingo den bigarren aldia izango da. Edizio honetan Angelus Apatrida, Primal Fear, El Altar Del Holocausto, Mosh, Sweet Rage eta Blackhearth taldeek emango dituzte kontzertuak Abadiñon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!