Traña-Matienako jaietan bazterkeriazko eraso bat eta eraso matxista bat gertatu direla salatu du Txosna Batzordeak

Anboto 2023ko mai. 3a, 11:59

Abadiñoko Traña-Matienako Txosna batzordeak eman du erasoen berri. Bi erasoak salatzeko elkarretaratzera deitu dute. Kontzentrazioa maiatzaren 5ean izango da, 19:00etan, BBK aurrean.

Asteburuan eraso bi gertatu direla salatu du Traña-Matienako Txosna batzordeak. Bata, apirilaren 29an izan zen, 17:30ak aldera. Bi lagunek bazterkeriazko erasoa jasan zuten barrakak dauden inguruan. Txosna batzordetik jakitera eman dutenez, biktimei ostikadak eta ukabilkadak jo zizkieten. "Jakin ahal izan dugunez, erasotzaileek talde bat osatzen dute, zeina Abadiñoko zein inguruko herrietako liskar batean baino gehiagotan egon izan den sartuta. Txosna Batzordetik salatu gura dugu talde honen jarrera. Errespetua eta gizabidea balio unibertsal eta ezinbestekoak direla deritzogu", gaineratu dute. 

Bestea, eraso matxista bat izan dela jakitera eman dute. "Pasa den asteburuan, tabernetan, bi gizonek emakume bat inguratu eta erasotu zuten. Eta gogor gaitzetsi nahi dugu gertatutako erasoa", salatu dute. 

Txosna batzordetik babes osoa helarazi diete erasotuei eta elkarretaratzeko deia egin dute. Kontzentrazioa maiatzaren 5ean, barikua, izango da 19:00etan, BBK aurrean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!